Udalak Jaurlaritzari Iurretako airearen kalitatea neurtzeko eskaria egin diezaion eskatu du EH Bilduk

Aitziber Basauri 2020ko mar. 5a, 11:36

Udalak Eusko Jaurlaritzari Iurretako airearen kalitatearen "neurketa zehatzak" egin ditzan eskatuz mozioa sartu du EH Bilduk. Bestalde, udalak Oromiño inguruan hasi dituzten goi-tentsioko linearen eraikuntza lanak geratzeko agindu dezan eskaria ere sartu dute, "ingurumenean izan ditzakeen kalteak saihesteko neurriak hartu bitartean"

Ez Iurretan ezta Durangaldean ere, airearen kalitatearen inguruko "ezinegona" ez dela berria nabarmendu du Iurretako EH Bilduk. Hala ere, Zaldibarko zabortegian gertutakoak herritarren artean "kezka areagotu" egin duela adierazi du. Gogoratu dutenez, "pasa den asteko zenbait egunetan Durangoko neurgailuak balio oso altuak eman izan ditu zenbait partikulatan". Horren aurrean, udalak Eusko Jaurlaritzari Iurretako airearen kalitatearen neurketa zehatzak egiteko eskatzea gura du EH Bilduk. Hori ahalik eta arinen bideratzea eskatu dute, eta, udal talde guztiei eta herritarrei neurketen emaitzen berri ematea ere eskatu dute.

Goi-tentsioko linearen lanak Oromiñon

Bestalde, EH Bilduk eskatu du Iurretako Udalak agindu dezala goi-tentsioko linearen eraikuntza lanak geratzea, "ingurumenean izan ditzakeen kalteak saihesteko neurriak hartu bitartean eta Foru Aldundiak hala baimendu artean". Azaldu dutenez, hasi dituzte lanak Oromiño inguruan aipaturiko linearen eraikuntza obrak. Era berean, Euskal Herriko Ingurumen Babeserako 3/1998 Lege Orokorrak dioena aplikatzea eskatu dute EH Bilduk udaletxean sartu duen idatzian. Iurretako Ingurumenean izango duen eragina baloratzeko
txosten teknikoa egitea eskatu dute.

Iurretako EH Bilduk gogoratu du Bizkaiko Aldundiak  Red Electrica de España SAUri baimenik ez ematea 400kV-ko energía garraiatzeko zirkuitu bikoitzeko Güeñes-Itsaso linea egiteko. Iraunkortasuna eta Ingurumen Naturala Zaintzeko Sailak 2020ko urtarrilaren 14an ezagutzera emandako 422/2020 Foru Aginduaren bitartez ebatzi zuen. Azaldu duenez," Espainiar Estatuko Energia idazkariak emandako baimena izan arren, Foru Aginduaren arabera, ingurumenari dagokionez, legea betetzen ez duen goi tentsioko linearen eraikitze proiektua dugu eskuartean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!