Iurreta Plazaratu dinamikak Abadetxea erabiltzearen aldeko sinadura bilketa hasiko du

Anboto 2020ko ots. 13a, 14:15

2006an gertatutako sutetik hona, Abadetxea hutsik dago.

Iurreta Plazaratu dinamikak uste du Abadetxearen ateak berriro ere elkarteei eta herritarrei zabaltzeak onura ekarriko lukeela, “bizitza soziokulturala berpizteko eta herriko toki garrantzitsua den plaza biziberritzeko”. Domekan, Txitxiburduntzi egunean, hasiko dira sinadurak batzen, eta otsaileko hainbat egunetan egongo da sinatzeko aukera. Herriko elkarteei ere atxikimendua eskatuko diete.

Iurretako herriak eraiki zuen Abadetxea, XVIII. mendearen erdialdean, herrian zeuden abadeei aterpea emateko. Beharrizana zuten bitartean erabiliko zutela adostu zuten alde biek. XIX. mende amaieran, gotzaindegiak bere izenean erregistratu zuen eraikina, eta XX. mende erdialdetik aurrera, herriko gazte, dantzari eta elkarteen biltoki ere bihurtu zen, abade batzuek eskuzabaltasunez ateak zabaldu eta gero. 2006an gertatutako sutetik hona, Abadetxea hutsik dago. 

Sinaduren bitartez, Abadetxea herriko ekintza soziokulturaletarako erabili ahal izatea eskatuko diote gotzaindegiari, Iurreta Plazaratu dinamika nabarmendu duenez. Orain urte eta erdi dinamika abiatu zutenetik, hainbat ekintza antolatu dituzte, eta, diotenez, “argi ikusi da herritarren partetik badagoela Abadetxeari bizia emateko gogoa”.

Honako egun hauetan batuko dituzte sinadurak: 

  • Otsailaren 16, Txitxiburduntzian zehar plazan.
  • Otsailaren 22an, Karnabaletan, 11:30etik aurrera.
  • Otsailaren 27an eta 28an, 18:00etatik 20:00etara, Dantzari plazan.
  • Otsailaren 29an eta martxoaren 1ean, 12:30etik 14:00etara, Bixente Kapanagan. 
  • Urki liburudendan ere uneoro sinatzeko aukera dago.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!