Iurretara lehenengoz datozen atzerritarrek lehen hartu-emana euskaraz izan dezaten liburuxka kaleratu dute

Anboto 2020ko urt. 22a, 20:04
Olatz Larrinaga (Elhuyar aholkularitza), Ibrahima Diop (Senegaleko And Bolo elkartea), Zorione Fundazuri (Kultura zinegotzia), Abdelghani Aboubi (Axura elkartea) eta Itxaso Garamendi (Gizarte Ongizatea eta Berdintasun zinegotzia)

Atzerritik Iurretara lehenengoz datozen herritarrei harrera egiteko liburuxka kaleratu du udalak. Herriari eta eskaintzen diren zerbitzuei buruzko informazioa batzen du argitalpenak, euskara erabiliz lehen hizkuntza moduan. Gaztelaniaz ere jaso dute baliogarria izan daitekeen informazioa, eta, Iurretan erreferente diren jatorrizko hizkuntzei ere eman zaie lekua: frantsesa, ingelesa, arabiera eta errumaniera.

Iurretan erroldatzera datozen atzerritarrei emango zaie liburuxka, herriagaz lehen hartu-emana euskaraz izan dezaten. "Kanpotik datorren edonor etxeko sentitu daiten baliabide bat izan gura du liburuxka honek, Iurreta anitza, kolore askotarikoa eraikitzeko bidean", azaldu du Zorione Fundazurik, Kultura zinegotziak. Momentuz 100 ale kaleratu dituzte.

Iurretan erroldatutako biztanleriaren %7 da atzerritarra, Fundazurik azaldu duenez. "Joan-etorrian ibiltzen den biztanleria da, baina, bertan gelditzeko joera ikusi dugu azken urteetan. Batez ere, Marokotik, Malitik, Ghanatik eta Senegaletik etorritakoak dira; gero, Europa ekialdeko herrialdeetatik". Hori hartu dute kontutan jatorrizko hizkuntzak aukeratzerako orduan.

Errez ulertzeko moduan

Informazio guztia modu grafikoan eta errez ulertzeko eran antolatu dute Itxaso Garamendik, Gizarte Ongizatea eta Berdintasun zinegotziak argitu duenez. Aurkezpen moduan eta ongietorria emateko, gaineratu duenez. Hartara, kokapen geografikoa, erroldari buruzko informazioa, eta, gizarte ongizateari, osasun zerbitzuei eta herritarrentzako arreta zerbitzuari buruzkoa batu dute. Hezkuntza, euskara, eta, kultura, aisia eta kirola ere landu dituzte, baliogarri iza daitezkeen helbide eta telefonoak batuz. Azken orrialdeetan, hiztegi txiki bat ere badago sei hizkuntzatan.

Euskara planaren barruan garatu da ekimen hau eta Elhuyarren aholkularitza izan dute. Elhuyarreko Olatz Larrañagak azaldu duenez, "liburuxka modu sintetiko eta bisualean egituratu gura izan dugu, informazio guztia eskura egoteko. Informazioa erraz topatzeko koloreak erabili ditugu". Fundazurik nabarmendu herrian dauden beste herrialde batzuetako elkarteem ekarpenak jaso dituztela argitalpena osatzeko. Komunitate islamikoa batzen duen Durangaldeko Axura elkarteko presidentea den Abdelghani Aboubik "egindako lan handiagatik" eskerrak eman ditu. "Oso garrantzitsua da egin den lana, eta horretan parte hartu duten guztiei eskerrak eman gura dizkiet", nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!