Tanborrada Mundialari Tanborrada Txikia batuko zaio aurten Iurretako Bakixa auzoko jaietan

Aitziber Basauri 2020ko urt. 17a, 10:30

Datozen egunetan danbor hotsa entzungo da Iurretako Bakixa auzoan. Gaur San Sebastian jaiak hasiko dituzte eta zapatuan Bakixako Tanborrada Mundiala egingo dute. Zortzigarren urtea dute aurtengoa. Bestalde, domeka eguerdian Tanborrada Txikia egingo dute, lehenengoz.

Tanborrada Txikian, 3tik 12 urtera bitarteko 11-12 neska-mutil irtengo dira. Umerik txikienei ere danborra jotzeko aukera eman guran antolatu dute, Ana Mari Duñabeitiak azaldu duenez. Izan ere, danborrada nagusia berandu hasten da 3-4 urteko umetxoeentzat. "Ikusiko dugu zelan doan, oso ume txikiak egongo direlako eta baliteke laguntza behar izatea", esan du Duñabeitiak.

Bakixako Tanborrada Mundiala zapatu gauerdian egingo dute eta 25 bat danbor-jole batuko dira. 6 urte dituzte danbor-jolerik gazteenek, eta 64 nagusienak.  Aurten, Bakixako Txokoko bazkideek hartu dute jaiak antolatzeko konpromisoa, orain arte ibili den taldeari lekukoa hartuta. Asto probak, kantu bazkaria eta I. Tortilla Txapelketa batu dituzte egitarauan. San Xebastian Erromeri Band taldearen erromeria ere bai. Iaz hildako Jon Onandia abadea hartuko dute gogoan, eta auzokoen laguntzagaz osatutako jaietako argazki bildumagaz erakusketa egingo  dute.

Gaur sartuko dira jai giroan Bakixan, Doniel Atxa jasota. Ondoren, danborradarako azken entsegua egingo dute. Lanak amaituta, txokolatea eskainiko zaie bertaratzen direnei. Mus arin txapelketagaz amaituko dute eguna (egitarau osoa, agendan).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!