Iurretako komertzioetan erabiltzeko 100 euroko erosketa irabazi du Joseba Iñaki Rodriguezek

Anboto 2020ko urt. 9a, 18:46

Iurretako komertzioetan erostea saritzeagaz batera, erabilera bakarreko plastikoak murriztea helburu izan duen kanpainaren balantze "ezin positiboagoa" egin dute udal arduradunek. Azaroan abiatu zen kanpaina Dendak Bai elkarteagaz batera, eta hiru astetan agortu ziren erosketa jasangarriago baterako prestatutako 500 tuper eta poltsa-sortak. Herriko komertzioetan erabiltzeko 100 euroko erosketa txartela, bestalde, Joseba Iñaki Rodriguezek irabazi du.

Okela eta arraina gordetzeko tuper bana, ohilezko poltsa bat eta sarezko beste bat eman diete herriko komertzioetan 50 euroko erosketa egin duten bezeroei, prestatutako sortak agortu artean. Hala ere, tokiko komertzioa sustatzeko martxan jarritako kanpaina abenduaren 31n amaitu zen. Izan ere, 50 euroko erosketagaitiko tiketen artean 100 euroko erosketa txartela zozkatu dute. Gaur eman diote saria irabazleari.

Iñaki Totorikaguena alkateak horrelako ekimenak antolatzen jarraituko dutela azaldu du. "Iurretarrok gure herrian kontsumitzeak duen garrantziaz jabetzen garela ikusten dugu, guztiontzat delako onuragarria, udalerria bizirik mantentzeko eta gainera erabilera bakarreko plastiko gutxiago erabilita".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!