Iurretako taxi-auzune zerbitzua "finkotu" egin da azken urteotan

Anboto 2020ko urt. 8a, 08:00

Herriguneko zerbitzuak baserri-guneetara hurbiltzeko helburuagaz jarri zuten martxan Taxi-auzunea, duela hamaika urte, ibilgailuaren erabilera arrazionala sustatzeko. Eta, "garraio alternatiba oinarrizkoa" bihurtu da auzotar udal arduradunek azpimarratu dutenez,". Iaz, 150 txartel banatu zituzten zerbitzua erabili gura zuten herritarren artean. Aurten ere zerbitzua erabili gura dutenek urtarrilaren 31 baino lehen berritu beharko dute erabiltzaile-txartela.

Izan ere, otsailaren 1etik aurrera, Iurretako Udalak emandako erabiltzaile txartel berria aurkeztu beharko diote taxi gidariari Taxi-auzunearen erabiltzaileek. Astelehenetik barikura 07:0etik 20:00etara emango da zerbitzua, eta, zapatuetan, 09:00etatik 14:00etara. Bidaiaren prezioa euro bi izango dira. Honako hau da kontakturako telefonoa: 688 618 690.

2009an jarri zuen martxan udalak Taxi-auzunea, eta Iñaki Totorikaguena alkateak nabarmendu duenez, "urteak igaro ahala ikusten dugu finkotu egin dela, eta, kasu askotan, garraio alternatiba funtsezkoa bihurtu dela auzokide askorentzat". 2019. urtean, 2.316 bidaia egin dira zerbitzu honen bitartez, hilean, 210 bidai, bataz beste. Abuztuan eten egiten da zerbitzua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!