Zeharkale itxura hartu duen Iurretako N-634 errepideko lanak azken fasean sartu dira eta urtarrilerako amaituko dituzte

Aitziber Basauri 2019ko abe. 17a, 11:45

N-634 errepide nagusiak itxura berria hartu du Iurretan. Maiatzean hasitako lanak azken fasean sartuta daude, eta urtarrilean egongo dira amaituta. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, egunotan amaitu gura dituzte zeharkale berriaren asfaltatze eta margotze lanak. Obrek 1.557.000 euroko aurrekontua izan dute, eta Iurretako Udalak 922.505 euro ipini ditu.  Gainerakoari Bizkaiko Foru Aldundiak egingo dio aurre.

Herriko bideekin lotura hobetze aldera, biribilgune bi egin dituzte, eta 2,5 metroko zabalera duen espaloia eta bidegorria egokitu dituzte zeharkalearen albo bakoitzean. Goratutako zebrabideak eta trafikoa ordenatzeko eta abiadura neurtzeko semaforoak ere ipini dituzte. Izan ere, errepide zati horretan  ezingo da 40 kilometro orduko abiadura gainditu.

A-8ko aparkalekurako bidea
Bestalde, A8 autobideko aparkalekuraino doan espaloia egokitu dute, hasierako egitasmoan aurreikusi ez zuten arren. Oinezkoentzako espaloi horrek aparkalekua eta zeharkaleko autobus geltokiak lotuko ditu. Udalak eskatutako neurria izan da eta Bizkaiko Aldundiak egin dio aurre kostuari, Totorikaguenak azaldu duenez.

Iurretako alkatearen berbetan, N-634 errepidearen berrantolaketa lanekin herriaren "kohesio handiagoa" lortu gura izan dute batetik,  eta oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioa irabaztea bestetik. "Etorkizunerako oinarriak ipini dira. Herria banatzen zuen lubakia ezabatu dugu, eta horrek aldaketak eragingo ditu aurrera begira", azaldu du. Aldaketa horien adibide moduan, Olaburu kaleko lanak aipatu ditu: noranzko bakarrekoa bihurtuko da eta bizikletentzat bidegorria egokituko dute.

Zeharkaleagaz, trafikoaren abidura asko motelduko dela uste du Totorikaguenak. "Ibilgailu kopurua jaisteko, bestelako neurriak behar dira, baina asko motelduko da ibilgailuen abiadura". Gaineratu duenez, "oinezkoek eta bizikletek hartuko dute lehentasuna orain arte ibilgailuek izan duten tokian. Herri barruko zati bihurtuko da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!