“Martxoan naiz jubilatzekoa eta idiak entrenatzen hasteko esperantza dut ”

Aitziber Basauri 2019ko abe. 23a, 10:00

Saltsa guztietan sartuta dabil Jose Luis Galarza (Iurreta, 1958). Kazola artean dabil gustura, eta idi-demekin probatzea du helburu. Azken urteetan, Olentzerori laguntzen ibili dira Jose Antonio anaia eta biak, gurdia eramaten duten idiak gobernatzen. Inguruko euskal ezkontzetan ere ez dute hutsik egin Galarza anaien idiek.

Aste barruan lantokian, eta asteburuan, Amaitermingo sukaldean. Deskantsurako tarterik baduzu?
Beharrean hartzen du pertsonak deskantsua, geldi egonez gero berriro martxan ipintzea gehiago kostatzen da eta. Zapatu eta domeka arratsaldean hartzen dut jai.

Jubilatzea tokatzen zaizunean, zer egingo duzu?
Lana topatu. Martxoan naiz jubilatzekoa, eta idiak entrenatzen hasteko esperantza dut. Dena dela, Amaitermingo sukaldean jarraitzeko asmoa dut. Bederatzi urte daramatzat han.

Sukaldari ona zarela entzun dugu. Non ikasi zenuen?
Ona ez, halamoduzkoa. Durangoko Bikandi tabernan hasi nintzen kozina kontuetan, 1973an. Gero, Goiurian ere ibili nintzen: lau urte Ikuspegin eta 29 urte Goiuria Erretegian. Soldaduskan ere ibilia naiz.

Ondo moldatzen zara kazola artean...
Defendatzen naiz. Oilogorra eta buztana prestatzeko enkarguak ere hartzen ditut etxean, eta elkarteetara ere joaten naiz kozinatzera. Afizioz egiten dut eta borondatea eskatzen diet; gastuari aurre egiteko lain. Axpeko Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketan ere kozinatzen dut, 80 bat lagunentzat. Bihar, San Tomas egunean, Bilbora joango naiz, arkume-txuletak erretzera.

Catering-a duzu.
Baina talde txikientzat, e! 

Idiak ere badituzu afizio…
Ahal dudan guztietan joaten naiz idi probak ikustera; asko gustatzen zaizkit. Ez dut hutsik egiten. Gure idi bat Lemoizko beste bategaz uztartu gura nuke, eta idi-demetarako balio duten ikusi.

Anaiagaz batera idiak hazi ere egiten dituzu. Noiz hasi zineten?
Badira 8-10 urte behi bat ekarri genuela, eta haren txahalak idi izateko hazten ditugu, Goiurian (Iurreta). Orain lau ditugu: bi sei urtekoak, urte biko bat eta urtebeteko beste bat. Ez dabiltza idi probetan, eta erakutsi egin behar zaie. Lehen, probetarako balio ez zuten idiak erosten genituen, eta loditu artean erakustaldi batzuetan ateratzen genituen. Lau behi ere baditugu.

Olentzeroren laguntzaile ere izan zarete idiekin?
Bai. Durangon lehenengo, eta Gasteizen azken urteetan. Durangoko, Abadiñoko eta Oromiñoko Euskal Ezkontzetan ere parte hartu dugu, eta Gasteizko Erdi Aroko azokan ere bai. Harriaren Bidea, Gasteizko Andra Mari Zuria eta Ajarteko harrobiak lotzen dituen ibilbidea ere egin dugu; Andra Mari Zuriaren katedrala eraikitzeko egiten zuten bidea da. 

Lan politak dira...
Bai, eta arriskutsuak ere bai. Anaiak idiekin istripua izan zuen behin, Gasteizko Erdi Aroko azokan, eta harrezkero ez dute gehiago erabili idirik. Beti erabili ditugu idirik mantsoenak, baina...

Egunak 36 ordu balitu…
Horrek ere okupatuta izango nituzke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!