“Kofradiak herrira hurbiltzea eta horien funtzionamendua gaurkotzea dugu erronka”

Aitziber Basauri 2019ko abe. 15a, 10:00

Azaroan Iurretako sei kofradietako —Iurreta, San Marko, San Fausto, Santa Marina, Goiuria eta Orozketa— ordezkari berriak aukeratu ondoren, eguaztenean eratu zuten Kofradien Batzorde Nagusi berria. Goiuriko Gorka Lazkano da lehendakari berria, Iurretako Alaitz Gerediaga diruzaina eta Santa Marinako Goiuri Sopelana idazkaria.

Zeintzuk dira dituzuen erronka eta helburuak?
Gorka Lazkano:
Belaunaldi aldaketa bat egon da, nahitaez, eta emakumeak ere sartu dira. Bada, Batzorde Nagusia gaurkotu egin da apur bat. Kofradiak herrira hurbiltzea eta horien funtzionamendua gaurkotzea izan beharko luke erronka nagusietako bat. "Herria eta kofradia hasarratu ziren..." dio Mikel Urdangarinen kanta batek. Bada, herria eta kofradia maitemintzea gura dugu. Azken urteetan, herriak ez ditu bere sentitu kofradiak, askok ez dakite zer diren, zertarako diren, okerreko iritziak daude.... Herrira zabaldu gura ditugu, zer diren azaldu, gaur egungo tresnak erabilita; denon onurarako direla erakutsi.

Zein da kofradien funtzioa?
G.L.:
Orain 160 urte, herriak 200 hektareako lur eremu bat erosi zion udalari, eta horren ustiapenetik ateratako etekinak auzoko premiei erantzuteko bideratu da historikoki. Oinarrizko premiak. Orain premiak bestelakoak dira. Hor dago beste erronka bat: zelan kudeatu behar diren etekin ekonomiko horiek eta zertara bideratu behar diren. Herriak duen boteregune bat dira kofradiak, autonomoak.

Lehenengoz, emakume bi egongo zarete Batzorde Nagusian. Zelan animatu zarete? Zelan hartu duzue kargua?
Goiuri Sopelana:
Bigarren lerrotik bada ere, betidanik ezagutu ditut kofradiak, eta proposamena egin zidatenean oso era naturalean animatu nintzen. Aita ere idazkari izan zen, 40 urtez. Errespetuz, baina pozik hartu dut kargua. Lanerako eta ikasteko gogoagaz. Gure inguruan asko animatu gaituzte.
Alaitz  Gerediaga: Nire aita ere kofradian ibilitakoa da urte askoan, eta ezagutzen ditut kofradiak. Baina beldur apur bat ere badut. Dena berria da eta ikasi egin beharko dut. Emakumeen parte-hartzea bideratzeko aurrerapausoa
emateko ere animatu nintzen.
G.L.: Azken lau urteetan ikusi dugu jende gaztearen parte-hartzea beharrezkoa zela, eta emakumeena ere bai, gizartearen isla izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!