Bizikletentzako bidegorria egokituko dute Olaburu kalean, herriguneko bidegorri osoa lotuko duena

Anboto 2019ko abe. 11a, 15:22
Olaburu kaleak izango duen itxuraren irudi bat

Gaur egun noranzko bi dituen Olaburu kalea noranzko bakarrekoa bihurtu gura du Iurretako Udalak. Herritik irtetzeko noranzko bakarreko bidea bihurtuko dute Olaburu eta espaloitik gertuen geratzen den kale zatia 2,5 metroko bidegorria izango da proiektua gauzatzen denean. 150 metro izango ditu bidegorri zati horrek. Lanak urtarrilean hastea aurreikusi dute.

Hori izango da datorren urteari begira garatuko duten lehenengo egitasmoa, udal arduradunek ohar batean azaldu dutenez. N-634 errepidek obren barruan egiten diharduen bidegorria, Eleizalde kalean bukatzen dena, Etxegoraino heltzen den oinezkoendako gunearekin lotzea da helburua. Bertan daude baita frontoia eta eskola eremua ere bai, eta Olaburutik Larrakozelai futbol zelairaino doan bidegorria. 

Modu honetan, bidegorri berria lotuta geratuko da Montoiko zubitik Askondora eta Herritarren Arretarako Zerbitzura (HAZ) heltzen den bidegorriagaz, N-634 errepidearen albotik Eleizalderaino joango denagaz,  eta Etxegotik futbol zelaira doanagaz. Guztira, 37.000 euroko aurrekontua duten obra hauek urtarrilean esleitzea eta gauzatzea aurreikusi dute udal arduradunek.

Iñaki Totorikaguena alkatearen berbetan, " institutura, frontoira edota futbol zelaira joateko bizikleta erabiltzen dut gazteek eta, inguru horretan,  mugikortasun jasangarria eta segurtasuna sustatzea da helburua. Garrantzitsua iruditzen zaigu inguru guzti hori beharrezko azpiegiturez hornitzea eta herriko bizikletentzako bidea hobetzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!