TAO zerbitzuko egoiliarren kuotan %50eko konpentsazioa eskatu du EH BIlduk

Aitziber Basauri 2019ko abe. 10a, 15:46

N-634 errepide nazionaleko obren eraginez mugatu egin da TAO zerbitzuko egoiliarren eremuan aparkatzeko aukera. Ondorioz, azken hilabeteotan herritar askok ez du egoiliarren eremuetan aparkatzerik lortu, edo etxetik urrun utzi behar izan du. EH Bilduren iritziz egoiliarren kuota ordaindu behar duten herritar hauek kaltetuak izan dira, eta udalak konpentsazioa eman beharko lieke.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez,  2019ko urteko kuotaren erdia itzultzea izan liteke egoera horri irtenbidea emateko aukeretako bat. Beste bat, 2020ko kuotan %50eko beherapena eskaintzea.  “Soluzio bat bilatu beharra dagoela uste dugu", adierazi du Liher Aiartzaguenak. Horretarako  mozio bat aurkeztu dute udalean, eta datozen hileetan ere ildo horretan lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.  "Arauak aztertu eta irtenbide bat
eman beharra dago", diote. 

EH Bilduk azaldu  duenez, iurretarrek 45,09 euroko kuota ordaintzen dute urtean, egoiliarren zonaldeetan autoa aparkatzeko eskubideagatik. TAO sistemaren barruan egonda, norbere etxe inguruan autoa uzteko aukera dakar ordainketa horrek, nabarmendu dutenez. ”2019an zehar, ostera, zonalde laranja horietan aparkatzeko aukera mugatu egin da N-634 errepide nazionaleko obren eraginez”, diotenez. EH Bilduk azaldu duenez, udalak zerbitzu justuagoa eman beharko lieke urteko kuota ordaintzen duten bizilagunei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!