Juanjo San Sebastianen hitzaldiarekin hasiko dute Zaldairen 10. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta

Joseba Derteano 2019ko abe. 10a, 11:58
Iaz Zaldaiko erronka egin zutenen familia argazkia.

Basatzan mendi bizikleta martxa eta erronka bete dutenentzako sari banaketa izango dira beste ekimen batzuk.

Eguaztenean ekingo diote egitarauari Juanjo San Sebastian alpinistaren 'El viaje' izeneko bideo emankizun eta hitzaldiarekin. Goiuria Kultur Gunean izango da, 18:30ean. San Sebastianek bere mendigoizaletasun ibilbideari errepasoa emango dio. Bere ibilbidean hainbat zortzimilako igo eta munduko hamaika tokitako mendiak konkistatu ditu.

Ostegunean Christian Rodriguezek eta Asier Mentxakak eskainiko duten hitzaldian mendizaletasuna inklusio sozialaren ikuspegitik aztertuko dute. Ibilki izeneko irabazi asmorik gabeko erakundearen berri emango dute. Mendi-gidariek sortutako erakunde honek, mendizaletasunaren bitartez, aisialdirako jarduerak eskaintzen ditu etorkinentzat eta, oro har, bazterketa egoeran daudenentzat. Berbaldia 18:30ean hasiko da Goiuria Kultur Gunean.

Mendi erronkako gala

Barikuan, 19:00etan, Zaldai mendi erronka bete dutenak saritzeko gala egingo dute Askondo aterpean. Mendizaleek urtebete izan dute Zaldaitik proposatutako mendi guztietatik 10 igotzeko eta erronka lortu dutenei sari bat emango diete. Ondoren luntxa egongo da. 

Basatzan mendi martxa eta Gallandara igoera

Zapatua egun potentea izango da. Goizerako Basatzan mendi bizikleta martxaren hirugarren aldia antolatu dute. 10:00etan irtengo dira Askondo aterpetik.  Ibilbideak 25 kilometro ditu, 1.000 metroko desnibelarekin. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke 09:00etatik aurrera, 12 eurotan. Batutako dirua Angelman sindromearen elkarteari emango diote.

Zapatu arratsaldean, berriz, Iurretako punturik altuenera, Gallandara, igoko dira eta hantxe ospatuko dute Zaldairen 10. urteurrena. 18:00etan jarri dute hitzordua Askondo plazan. Gaua izango da ordurako, baina horixe da helburua; frontalekin Gallanda tontorra argiztatzea, ekimenaren leloa errealitate bihurtzeko: '10 urte hamaika argi'. Ondoren, luntxa egongo da.

Abenduaren 15ean, domekan, umeei zuzendutako Apaxi Mendian izeneko ipuin kontakizunarekin amaituko dute urteurreneko egitaraua. 12:00etan hasiko da, Askondoko aterpean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!