'Jantzari' dokumentalaren egileek aurrerapen bat proiektatuko dute Irudienean, abenduaren 7an

Anboto 2019ko abe. 3a, 11:07

Iurretako Mikel Deuna dantza taldeak, Bideografik ekoiztetxeak eta ANBOTOk elkarlanean dihardute proiektuan.

 

Dantza tradizionalean, azken urteetan aldaketa handiak gertatu dira genero ikuspututik. Iurretaren kasuan, 2018an, neska-mutilez osatutako ezpatadantzari talde parekide batek debutatu zuen Iurretako plazan lehenengoz, San Migel egunean. Ez zen emakume batek Dantzari Dantza dantzatzen zuen lehenengo aldia. Hala ere, tradizio handiko plaza horretan emakume bat ezpatadantzari jantzita dantzan ikusteak balio sinboliko handia izan zuen genero ikuspuntutik.  Hari horri tiraka, tradizioaren eta generoaren inguruko dokumentala grabatzen dabiltza Iurretan. Iurretako Mikel Deuna dantza taldea, Bideografik ekoiztetxea eta ANBOTO dira elkarlanean proiektua garatzen ari direnak. "Hasieran, dantzaririk zaharrenei elkarrizketak grabatzea zen asmoa. Bideografikekoekin berba egin genuen eta ikus-entzunezko txukun bat egin genezakeela konturatu ginen. ANBOTOkoekin berba egin eta eurei ere gustatu zitzaien proiektua", azaldu du Unai Esturo Mikel Deuna dantza taldeko kideak. Beraz, dokumentala hiru parte-hartzaileon elkarlanaren fruitua izan da. 

Urrijena ardatz

Bost urterik behin Urrijena antolatzen dute Iurretan. Egun honetan, Iurretako belaunaldi guztietako dantzariak batzen dira elkarregaz dantzan egiteko. Aurten, lehenengoz, talde parekideak beste ezpatadantzariekin konpartitu du plaza, eta egun horren prestaketa eta ospakizuna ere azaltzen dira dokumentalean. Dantzarien emozio eta gogoetek hausnarketarako bidea zabaltzen dute. "Hainbat gai planteatzen dira, Iurretako dantzetatik haratago doazenak. Tradizioa aldatu ezin daitekeen zerbait da ala etenik barik eraldatzen den zerbait da? Zein lotura dago kultur-sistemaren eta genero-sistemaren artean?", azaldu du Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak. 

35 elkarrizketa

Dokumentalerako, 35 lagun elkarrizketatu dituzte. Iurretako belaunaldi askotako dantzariez gainera, tradizioaren inguruan gogoeta egin duten adituek ere parte hartu dute egitasmoan: Oier Arazolaza antropologoak, Aritz Ibañez Duguna taldeko kideak, Maggi Bullen eta Miren Guillo antropologoek...

Dokumentala apirilerako estreinatzeko asmoa dute. "Orain, edizio fasean gaude. Elkarrizketak landu eta irudiak aztertzen gabiltza", azaldu du Carlos Iglesias Bideografikeko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!