Iurretako Maspe kaleko oinezkoen pasabideetan baliza-sistema argitsua jarri dute

Anboto 2019ko aza. 27a, 14:33

Hirugarren oinezkoentzako pasabidea jarri du Iurretako Udalak,  aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako ideietako bat jasota. Horrez gain, Maspeko hiru pasabide horietan baliza-sistema argitsua jarri dute, horretarako azken teknologia erabilita. Ia 36.000 euro inbertitu du udalak lan horietan.

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, " helburua da, lehenik eta behin, gidarien arreta piztea, eta, zoladuran baliza argitsuak jarrita, oinezkoen pasabideen kokapena seinaleztatzea. Baina oinezkoentzako argi-gogorarazpen bat ere gehitu nahi izan da, galtzadarako sarbidea zoladuran bertan txertatuta geratzen diren argi-banda batzuekin seinaleztatuz, herritarrei bide publiko bat gurutzatu aurretik beti hartu behar den arretaz ohartarazteko".

Hirugarren pasabidea,  egon diren bi zebrabideen arteko bide erdian jarri da, eta 25.000 euro erabili dira. Argiztapen-aurrekontua, berriz, 8.900 eurokoa izan da. Jarritako argiak haririk gabekoak dira eta kablea asfaltotik bost zentimetro beherago lurperatuta dago, balizak argia ematen dute zoladura gainean egonik. Horrela, trafiko handiaren ondorioz baliza bat bere lekutik iretetzen bada, ez da kable bakar bat ere geratzen begi-bistan. Ez dago gertakari elektrikoen arriskurik, eta gainerako balizek arazorik gabe funtzionatzen jarraitzen dute, azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!