Bidebarrieta kalea zaharberritzeko egitasmoa idazteko 45.000 euro erabiliko ditu udalak

Aitziber Basauri 2019ko aza. 18a, 10:53

Iurretako Udalak 5,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2020. urtean. Inbertsioen atalak udal kontuen %14 hartu du: 810.000 euro. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "zuhurrak" izan dira aurrekontua lotzerako orduan. Bidebarrieta kalea zaharberritzeko egitasmoa idatziko dute  eta Ibarretxe kultur etxetik Haurreskolarainoko bidea egokituko dute, irisgarritasuna hobetuz.

Haurreskolarako oinezkoentzako bidea egokitzeko lanek hartuko dute diru gehien inbertsioen atalean. Guztira, 170.000 euro erabiliko dituzte horretan. Horrez gain, Maiztegi eskolako itxiturak eta sarbidea konponduko dituzte, eta irisgarritasuna bermatzeko neurriak hartuko dituzte. Lan horietarako 90.000 euroko atala lotu du udalak. Ibarretxe kultur etxeko aretoa konpotzeko 10.000 euro erabiliko dituzte eta San Andres auzoan argiteria berria jartzeko 25.000 euro. EAJ eta PSE-EEren botuekin onartu dute aurrekontua. EH Bildu abstenitu egin da, "aurrekontu txarrak ez diren arren zer hobetu badagoelako".

Larrakozelai futbol zelaian LED argiak jartzeko 45.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, eta, beste horrenbeste erabiliko du Bidebarrieta kalea eraberritzeko lanak gauzatzeko egitasmoa idazteko. "N-634 errepideko obrei lotuta daude Bidebarrieta kaleko eraberritze lanak. Bada, behin errepide nagusiko lanak amaituta aukera izango dugu Bidebarrieta kalea konpontzeko", azaldu du Totorikaguenak. "Egitasmo potoloa da Bidebarrietakoa eta herritarren parte hartzeagaz landu gura dugu egitasmoa. Herrigunean konpontzeko daukagun azken kalea da Bidebarrieta, kale luzea gainera: 700 metro ditu",  gaineratu du alkateak. Auzobideak konpontzen jarraitzeko diru-atala eta aurrekontu parte hartzaileak bideratzeko dirua ere lotu dituzte. 

Elkarteentzako leku falta

EH Bilduko proposatuta memoria historikoa lantzeko beka bat kaleratuko du Iurretako Udalak, 40.00 euroko diru-ekarpenagaz. Era berean, udalak Aita San Migel plazan dituen lokaletako bat konponduko du biltegi moduan erabiltzeko. Hartara, Bixente Kapanaga kalean, Jubilatuen tabernaren alboan udalak duen lokala (IMIKo lokala) herriko elkarteak batzeko leku moduan erabiltzea erabiltzea gura dute. "Herriko lokalak gainezka daude. Ibarretxe kultur etxea eta Goiuria kulturgunea beteta daude, eta udalaren lokalen berrantolaketa bat posible da".

PSE-EEk proposatuta, azken urte bian garatutako gizarteratze eta laneratze programarekin jarraituko du Iurretako Udalak, horretarako 15.000 euro gordeta. Gizarte eta Berdintasuna arloaren landutako ekimena da hori. Horren baita, Denboraren Bankua (2.000 euro) eta nagusiendako aisialdi tailerrak (3.000 euro) ere antolatuko dituzte, lehenengoz.

Iurretaren 30. urteurrena

Iurreta Durangotik desanexionatu zela 30 urte izango dira 2020an eta hori gogoan hartu du udalak. Era berean, Joseba Sarrionandia ibilbidea balorean jartzeko ekintzak garatu gura dituzte. Kultura arloak ia 500.000 euroko aurrekontua izango du datorren urtean. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!