Euskal Herriko lau garagardogile batuko ditu III. Beer Azokak Iurretan

Anboto 2019ko aza. 12a, 18:52

Garai Brewing (Garai), Saltus Brewing koop (Murgia), Baobeer (Elgeta) eta Laugar Brewery (Gordexola) garagardoak ezagutu eta dastatzeko aukera egongo da abenduaren 7an, Askondoko aterpean. Aurten lehenengoz barra bakarrean eta elkarlanean arituko dira garagardo ekoizleak. Era berean, umeentzako jolasak ere antolatuko dira Juan Orobiogoitia ikastetxeko ikasleen laguntzarekin. 

Garai Brewing Co garagardoaren ekoizleek eta Aitte San MIgel Jai Batzordeak antolatutako III. Garagardo Azoka 12:00etan zabalduko dute eta gau erdira bitartean, talo tailerra, umeentzako jolasak eta musika kontzertuak eskainiko dira, besteak beste. Duela urte bi 450 lagun hurbildu zen I. Garagardo Azokara eta, iaz, 550 lagunek erosi zituzten edalontziak. Azoka indarra hartzen ari dela nabarmendu dute antolatzaileek. 

Umeentzako talo tailerra hasiko da 12:00etan,  urtero lez. Baita garagardogileekin tertuliarako momentua ere. Antolatzaileek azaldu dutenez, 15:00ak bitartean egongo da aukera garagardo ekoizleekin jarduteko., eta garagardoa hartzeko edalontzia erosten dutenen artean lehenengo zozketa egingo dute 15:30ean. Garagardo sorta irabazteko aukera izango dute bertaratuko direnek. Aurten, lehenengoz, umeentzako jolasak ere egongo dira, Liher Aiartzaguena eta Ekaitz Alberdik azaldu dutenez. Aurpegia margotzeko edo txapak egiteko aukera egongo da Juan Orobiogoitia ikastetxeko ikasleen eskutik, 16:00etatik 18:00etara.  Ondoren, igel txapelketa hasiko dute.

Dube musika taldeagaz hasiko dira kontzertuak 19:00etan. Berriztarren ondoren Durangoko Hamaika ikusteko jaioak  eta Moonshinerds taldeek joko dute. Bigarren garagardo sortaren zozketa egingo dute musika kontzertuak amaitzen direnean, 23:00etan. Antolatzaileek argitu dute bertan egon beharko dela saria lortzeko. Espuela hartu eta gero gauerdian itxiko dute azoka. 

Taloak eta krepak

Garagardoaz dastatzeko aukera ez ezik taloak eta krepak jateko aukera ere eskainiko da III. Beer Azokan. Era berean, afaltzeko food trucka ere egongo da. Giroa berotzeko, iaz bezala, aire bero kanoiak jarriko dituzte. Bai Aiartzaguenak bai Alberdik gogoratu du jende eta talde askoren "lan potoloari esker" antolatzen dela azoka. Antolakuntzan lagundu dute udalak, Juan Orobiogoitiako Ikasbidai taldeak eta Oreka, Bodegilla eta Gauargi tabernek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!