Herrian erostea saritu eta erabilera bakarreko plastikoak murriztea lortu gura duen kanpaina abiatu dute Iurretan

Anboto 2019ko aza. 11a, 14:43
Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Alex Palacios Dendak bai merkatari elkarteko presidentea

Erabilera bakarreko plastikoak murriztea lortzeko poltsa eta tuper sortak banatuko dituzte Iurretako komertzioetan erosten duten bezeroen artean. Okela eta arraina gordetzeko tuper bana, ohilezko poltsa bat eta sarezko beste bat emango diote  50 euroko erosketa eginez gero. Iurretako Udalak eta Dendak Bai elkarteak gaur bertan abiatu duen kanpaina honekin herrian erostea saritu gura dute eta, aldi berean, ingurumenean eragin. Guztira, 500 sorta banatuko dituzte. 

Abenduaren 31ra arte luzatuko den kanpaina honek Iurretan erostea sustatzea eta bezeroak fidelizatzea du helburu, Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez. Era berean, herritarrak kontzientziatzea eta erosketak egiterako orduan berrerabili daitezkeen ontziak erabiltzera animatu. 

Iurretako komertzioetan egindako 50 euroko erosketagatiko tiketa Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) aurkeztu behar da Erabilera bakarreko plastikoak murrizteko poltsa eta ontzi sorta lortzeko. Argitu dute, badagoela hainbat erosketa tiket metatzea, 50 eurokoa lortzeko. Pertsona bakoitzak sorta bakarra hartu ahal izango du, hala ere, gura haina 50 euroko tiket aurkeztu daitezke eta denak hartuko dira kontuan 100 euroko erosketa-txartela lortzeko zozketarako. Urtarrilean egingo dute zozketa hori Alex Palacios Dendak Bai elkarteko presidenteak azaldu duenez.

Durangaldean Iurreta izango da lehenengoa horrelako ekimena garatzen, Palaciosek azaldu duenez. "Hala ere, ez da izango azkena. Erosleek gero eta gehiago eskatzen dituzte paperezko edo oihalezko poltsak. Igartzen da gero eta plastikozko poltsa gutxiago erabiltzen direla", dioenez. Erosketak egiterako orduan plastikoaren erabilera murrizteko gomendioekin informazioa ere zabalduko dute herrian, Totorikaguena eta Palaciosek azaldu dutenez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!