“Gau hau argiagaz eta iluntasunagaz jolasteko aproposa da, susto eta bihurrikerietarako gaua”

Aitziber Basauri 2019ko urr. 31a, 13:30

Argiak amatatuta, kandelek argitutako Gaba Baltza ospatuko dute Iurretan lehenengoz, eta etxean aurkitutako arropa zaharrekin mozorrotuta irtetera gonbidatu dituzte herritarrak. Maiztegiko irakasle Larraitz Zarrabeitiagaz, Plazaratuko Maitane Totorikagaz eta Guraso Elkarteko Alaitz Gerediagagaz egon da ANBOTO. 

Zelan sortutako ekimena da?
Larraitz Zarrabeitia: Kontsumoagaz oso lotuta dagoen Halloween jaia sartu digute, modu zakarrean, eta urtero esan dugu zerbait egin behar genuela. Egia esan, Euskal Herrian ere ospatu izan da desitxuratu egin den jai hau. Bada, aurten, Gau Baltza antolatu dugu. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta, Topaguneak emandako ikastaro batean beste herri batzuetako esperientziak ezagutu genituen, gure aurrekoengandik jasotako testigantzak, eta informazio horregaz aurrera egin dugu.

Neska-mutilek duten irudia aldatzea du helburu Gau Baltzak?
L.Z.: Jai hau geurea dela gogorarazi gura izan dugu. Ez da saltokietatik edo telebistatik datorkigun jaia. Euskal Herrian eta beste leku askotan, urtaroekin lotuta egin izan den jaia da. Baina belaunaldietako transmisio horretan galdu egin da.

Era berezian girotuko duzue plaza.
Maitane Totorika: Kandelek markatutako bidea egingo dugu, 20:00etan. Plaza kalabazekin atonduta, han istorio bat kontatuko dugu. Horretarako, kalabaza eta mozorro ikastaroak antolatu ditugu, 19:00etan. Sorpresadun gaua izango da.
L.Z.: Jai hau argiagaz eta iluntasunagaz jolasteko aproposa da, susto eta bihurrikerietarako gaua da.

Zelan ospatzen zen lehen gaurko gaua Euskal Herrian?
L.Z.: Batutako testigantzetan, bide bazterretan ipinitako kalabazak ageri dira, barruan kandela bat zutela. Neska-mutilen arteko jolasak egiten ziren, elkarri sustoak emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!