Jardunaldi hauek zenbait idazleren ondare kulturala ezagutzera emateko asmoz antolatu dituzte. "Literaturak busti gaitzala, gure etxeetan zein kaleetan", azaldu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Lehenengo edizioan, Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren obra izan zen protagonista. Iaz, ostera, Gloria Fuertes idazlearena. Ziortza Onaindia herri bibliotekako arduradunak berriro euskal idazle baten figura aukeratzea azpimarratu du: "Askotan, etxetik hurbilen duguna ez dugu aitortzen eta horixe da guk egin gura izan duguna".
Talde lana
Leire Bilbaok, bere aldetik, esker oneko berbak eduki ditu Iurretako Herri Bibliotekarentzat zein udalarentzat, eta proiektuan sortu den elkarlana azpimarratu du. Elkarlan horretatik eratorri da, besteak beste, urriaren 25ean eskainiko duten Hariak eta tantak ikuskizuna; Leire Bilbaoren poesian oinarritutako diziplina anitzetako saio honetan Bertzilla musikariak, Aritz Lasarguren dantzariak, Maite Mutuberria marrazkilariak eta Leire Bilbaok berak parte hartuko dute; saio hau helduentzat izango da. Egun berean, Peru Magdalenak Ahaztu eta jolastu tailerra gidatuko du. Ekitaldi bietarako gonbidapenak eskatu behar dira aurrez.