“Durangaldean eta euskal dantzetan orokorrean egin den bidea oso positiboa da ”

Jone Guenetxea 2019ko urr. 11a, 10:30

Oier Araolazak dioenez, euskal emakumeak tradizioan ez direla dantzatu dioen topikoa XX. mendera arte egon da indarrean euskal kulturan. Eibartarrak tesia egin du gaiaren inguruan.

Noiztik egin izan da nesken eta mutilen dantzen bereizketa hori?
XX. mende hasieran aldaketa batzuk gertatu ziren genero ikuspegian, gizartean oro har, genero sistema ulertzeko moduan. Hor asko bultzatuko dira binarismora jotzen duten ikuspegiak. Gizon eta emakumeak biologikoki oinarrituta, guztiz bereizten dituzten ikuspegiak nabarmenduko dira.

Genero ikuspegitik, zein zen egoera XX. mendera arte?
Tesi erdi behar izan dut galdera horri erantzuteko. Arriskua dago horren aurretik zegoen egoera berdintasun egoera bategaz parekatzeko, eta ez da horrela. Antzinako erregimenean misoginia indartsu bat dago, baina testuinguru horretan, sexuak, kategoria legez, bere garrantzia zeukan gizartea sailkatzeko, baina beste kategoria batzuekin etengabeko negoziazio batean. Emakumeek aurreskua egiten zuten, baina ez gizonen espazio edo botereguneetan. Emakumeek euren momentuak eta dantzatzeko aukerak zituzten. Binarismoa atzerapausoa izango da zeinbait espaziotan emakumeen dantza adierazpenerako.

Orain gutxira arte, gizonek Dantzari Dantzan irlanderek baino protagonismo handiagoa zuten plazan.
Hori gertatzen da oinarrizko kontzeptu bat defendatu delako: "Desberdinak gara eta desberdin egiten dugu". Desberdintasuna justifikatzea da desberdinkeriara iristeko lehenengo pausoa. Zerbait desberdina dela esaten dugun momentutik, desberdintasun hori jerarkizatzeko eta bata bestea baino hobea dela esateko arriskua dago.  

Genero ikuspuntutik, aurrerapauso handiak gertatu dira dantza arloan.
Durangaldean eta euskal dantzetan orokorrean egin den bidea oso positiboa da. Batzuek apustu zintzoa egin dute, eta, hurrengo fasera pasatu aurretik, ahalegin hori egin zutenei merezi duten errekonozimendua aitortu behar zaiela pentsatzen hasi beharko genuke. Olatuak indarra hartu duenean, errazagoa da olatu hori hartzea, korrontea kontran datorrenean baino. Pertsona batzuek egin duten lana eta erakusti duten kemena aitortu beharko genuke. Gai hau mahai gainean inork ere ipini ez zuenean, ausardiaz eman zuten pausoa, baina inork ere ez ditu gogoan hartu. Azken txanpan sartu direnek, ostera, oihartzun guztia hartu dutela ematen du. Gauza hauekin zintzo jokatu behar dugu, ez direlako gai errazak, eta batzuk mindu egin daitezkeelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!