“'Konako ironmanean lehenengo hamarren artean sailkatzea gauza handia izango litzateke niretzat”

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 11a, 08:39
Argazkia: James Mitchell

Gurutze Fradesek munduko triatloi txapelketa lehiatuko du zapatuan, Konan, Ironman distantzian. Laugarrenez izango da Hawaiin, eta 3.800 metro egin beharko ditu igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika.

Bihar Hawaiiko Ironmanean parte hartuko duzu. Zer moduz zaude?
Ondo nago. Dagoeneko hainbat egun daramatzat Konan, eta, egia esanda, oraingoz lasai nago. Lasterketa aurreko detaile guztiak zaintzen nabil. Karrera aurreko egunak oso garrantzitsuak dira, azken entrenamenduak ondo egitea ezinbestekoa da, baita materiala puntuan jartzea, atseden hartzea eta ondo jatea ere.

Ze helburu ipini diozu zeure buruari?
Helburu nagusia Hawaiiko Ironmanera nire sasoirik onenean heltzea izan da, eta lortu dudala esan dezaket. Hemen edozein posturengatik borroka egitea oso zaila da, baina egunero ahalegin betea egiten dugu onenen artean egoteko. Beraz, ahalik eta aurreren egoten ahaleginduko naiz. Konako ironmanean lehenengo hamarren artean sailkatzea gauza handia izango litzateke niretzat.

Beste urte batzuekin alderatuta, nola zaude?
Urtero puntutxo bat hobeto heltzen naizela esango nuke, eta aurten ere beste urteetan baino zertxobait hobeto nago.

Konan egoteak presio puntu estra bat ematen du? Motibazio handiagoa?
Hemen egoteak denetik du. Gutxik dakigu hemen egotea zenbat kostatzen den. Konako irteera puntu esklusiboan egotea lorpen handia da niretzat. Osasunez ondo eta nire onenean heltzea motibazio handia da. Bestalde, urte guztiko lana, sakrifizioa eta jasotako laguntza justifikatu behar izatea presio handia da.

Lasterketari begira, zein modalitatetan ikusten duzu indartsuen zeure burua? Eta zeini diozu errespeturik gehien?
Lasterketari hainbat momentu klabe ikusten dizkiot. Uste dut ezinbestekoa dela uretan erreferentzia bat izatea, eta hori ez galtzea. Bizikletan, ostera, kontzentrazioa mantentzea garrantzitsua izango da, zati batzuk oso gogorrak egiten baitira. Horrez gainera, lasterketan zehar gogor eragin beharko zaie pedalei, eta janaria eta hidratazioa ondo zaindu beharko dira. Nire alderik indartsuena ez etsitzeko ahalmena dela esango nuke, amaieraraino sendo heltzeko gaitasuna.

Apirilaren 7an lortu zenuen munduko triatloi txapelketarako txartela. Esan daiteke inoiz baino denbora gehiago izan duzula urteko helburu nagusia prestatzeko?
Beste urte batzuekin alderatuta, prestakuntza ezberdina izan dut, eta denbora gehiago prestakuntza horretarako. Horrek aukera ematen du entrenamenduaren parte batzuetan gehiago sakontzeko, gehiago lantzeko. Kontzienteki eta gogor lan egindako 23 aste izan dira.

Munduko txapelketarako txartela lortu zenuenetik, ia sei hilabete igaro dira. Luze egin zaizu prestakuntza?
Plangintza ona eginda, prestakuntza ez da luze egiten. Hile hauetan guztietan garrantzitsua izan da lanaldiak ondo antolatzea, kontzentrazioak, txapelketak, atseden egunak eta bidaiak ondo markatzea eta betetzea, besteak beste. Batzuetan, helburuak oso urrun ikusten ditugu, oso zaila izaten da horiek imajinatzea eta forma ematea, baina denbora oso azkar pasatzen da eta urteko helburua gainean izaten dugu.

Beste urte batzuetan lez, aurten ere Sierra Nevadan izan zara Konako Ironmana prestatzen. Zer moduz joan dira entrenamenduak?
Asko dira urte guztian zehar altueran egiten ditudan kontzentrazioak. Batzuetan gogorra egiten da bertan egotea, baina, orokorrean, oso ondo entrenatzen naiz han, eta gustura egoten naiz.

Zer ematen dizu altueran entrenatzeak?
Altueran entrenatzea beste estimulu bat da nire plangintzan. Esan daiteke modu aproposa dela errendimendua hobetzeko.

Amaitzeko, urteko hitzordurik garrantzitsuenerako prestatzen zaudenean, nolakoa izaten da Gurutze Fradesen egunerokoa?
Nire egunerokoaren oinarrian, entrenatzea eta entrenamendu horretatik errekuperatzea daude, deskantsuagaz eta jatekoagaz. Egunero, asteko egun guztietan, pare bat hiru bat entrenamendu egiten ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!