“Jai Batzordeak antolatu arren, dantzariak izan dira beti sanmigeletako ugazabak”

Aitziber Basauri 2019ko ira. 28a, 10:00

45 bat urte dira sanmigelen jai hasierako txapligoa jaurtitzeko hitzorduari hutsik egiten ez diola ‘Iketza’-k. Gaur Montoian batuko den taldeak 70eko hamarkadan hartu zuen lekukoa. Mikel eta Goiuri Sopelana, Miren Txabarri eta Adolfo Abasolo ibili ziren aurretik, besteak beste. 'Iketza' dantzaria  izandakoa da, eta baita postaria ere urte askoan. Oraintsu hartu du erretiroa.

Garai batean, piroteknia bonba ere jaurtitzen zenuten. Orain, jai hasierako txapligoa botatzen duzue.
Ohiko bolanderen aurretik, 75 diametroko txapligoa botatzen hasi ginen 1981ean. 06:00etako kalejiran ere botatzen genuen. Etxebarriko landan ipintzen genuen, Montoi alboan. Debekatu egin zuten, lar gogorra zelako. Gero, jai hasierako txapligoagaz hasi ginen. Txikitxoagoa da, baina honek ere ateratzen du zarata.

Jaiak hasteko eta amaitzeko ere jaurtitzen dituzue txapligoak…
Jaiak agurtzeko, plaza ostetik botatzen ditugu, zeruari kolore apur bat emateko.

Kontatzeko moduko pasadizorik…
Ez nuke jakingo esaten. 06:00etan botatzen genuenean, inor ere ez zen egoten kalean, eta inoiz ezustekoren bat izango zen. Orain lau bat urte, hasierako txapligoak ez zuen nahikoa indar edukiko-edo, eta zuzen igo beharrean, behera bajatu zen. Jendearengandik gertu lehertu zen, baina ez zen ezertxo ere gertatu.

Dantzaria eta dantzan irakasten ibilitakoa zara. Alabak ere dantzariak dituzu. Dantzariak instituzio bat dira Iurretan.
Herrian, dantzariena izan da beti plaza giroa. Sanmigeletako ugazabak izan dira beti, jaiak Jai Batzordeak antolatu arren. 1956an, Iurretako dantzariek ez zuten dantzan egin jaietan. Ez zuten tratua lotu Jai Batzordeagaz, eskatzen zutena garestitxoa zelako-edo. Bada, berriztarrak etorri ziren dantza egitera. Gero, 1958an, Iurretako talde berria irten zen plazara, Jose Mari Zarrabeitiak erakutsita. Garai batean Iurretako etxe bakoitzean dantzari bat zegoela diote.

San Migel egunekoa da dantzarien plaza nagusia. Saio hori eta jaietako gainerakoak grabatzen dituzu. Nolatan?
Bai. Jasota geratu daitezen. Gu dantzan hasi ginenean, 1976an, Jose Julian Bakedanok grabatzen zituen, super 8 kamera bategaz. Gero, Bizkaiko Dantzarien Biltzarretik be hasi ziren etortzen, eta, ondoren, Txebi Arriaga ere bai, Gernikatik. Plaza utzi nuenean hasi nintzen ni grabatzen, 1990ean. 1989an nire ikasleak lehenengoz plazara irten eta gero. Baditut bideo batzuk.

Argazki artxiboa egiten ere bazabiltza.
Dantzarienak eta herriko argazki zaharrak ditut, 500 inguru. Erakusketa txiki bat egin gura nuke eta liburuxka kaleratu. Ia datorren urtean.

Garaiko Aurresku Txapelketa hainbat bider irabazitakoa zara.
Bai, hamaika bat bider, ez dut gogoan. Lehia osasuntsua genuen, Abadiño, Iurreta eta Berriz artean. Gaur egun ez dot egiten, baina ez zait ahaztu!

Aurten ez dago mozorro egunik sanmigeletan…
Mozorro egunik ez, baina Gau Zuria izango dugu. Bestalde, Kuadrillen Egunean paella txapelketa egingo da eta batzuek mozorrotzea pentsatu dute. Gau Zurian mozorrotu egingo naiz, hori seguru!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!