Zaldai taldea, hamarkada bat iurretarrei mendi aisialdia hurbiltzeko lanean

Aritz Maldonado 2019ko ira. 21a, 10:00

Hamar urtean antolatzen egon eta gero, Zaldairen mendi martxa Iurretako San Migeletan guztiz errotuta dagoen ekimena da. Aurtengoan ere, ibilbide bik osatuko dute martxa. Irailaren 22an izango da aurtengoa, domekan.

Erlantz Zaldunbide Zaldaiko kideak oraindino gogoan du martxa antolatu zuten lehenengo aldia. “Sekulako euri zaparradak egin zituen eta 40 bat lagun batu ginen”, azaldu du. Iaz, 600 lagunetik gora elkartu ziren martxan, eta aurten, eguraldiak lagunduz gero, kopuru hori gainditzea aurreikusten du taldeak. Hain zuzen ere, aurtengo nobedadeetako bat horri lotuta dago: ibilbide bietako irteera luzatu egingo da, sortzen ziren pilaketak arintzeko. “Paisaiaz gozatzeko moduko tarteak direla iruditzen zaigu, patxadaz ikustea merezi dutenak”, gaineratu du Zaldunbidek.

Abadetxearen errautsetatik
Iurretako Abadetxe gaztetxea 2006an erre zen, eta hainbat proiektu umezurtz geratu ziren; tartean, Zaldai. “Mendi aisialdiagaz loturiko ekimenak antolatzen ziren bertan, eta, erre ostean, proiektua aterperik barik geratu zen”, gogoratu du Zaldunbidek. Mendi taldea sortu, eta herriratzeko aukerarik onena mendi martxa antolatzea zela pentsatu zuten taldekideek. Ordutik, hainbat ekitaldi mota antolatu dute: urteberri egunean Gallandara igoera, abenduan Mendi Astea edo aurten hirugarrenez antolatu duten Mendi Erronka. Maiztegi guraso elkarteko gurasoekin elkarlanean, urtean zehar mendi irteerak ere antolatzen dituzte gazteentzat.

Iurretarrei mendia eta inguruak erakusteaz gainera, bestelako lan pedagogikoa egiten du taldeak. Aurten, adibidez, Mugarri Eguna egin dute, Iurretako mugak ezagutzera emateko. “Zerbait desberdina egin gura genuen, herria ezagutzera emateko. Aurrerago, beste ibilaldi bat egin gura dugu, bertako biodibertsitatea ezagutarazteko”, azaldu du Zaldunbidek.

Boluntario sarea
Zaldaik inguruan duen boluntario sareagatik ez balitz, ezingo lirateke ehunka lagun biltzen dituen martxa eta gainerako ekimenak antolatu. Hori dela eta, denei esker ona adierazi gura izan die Zaldunbidek: "Inguruan lagun asko ditugu laguntzeko prest, beti". Egun, 150 bazkide inguru ditu mendi taldeak, eta martxaren egunean 40 bat boluntariok laguntzen diete mendi taldeko kideei.

Ibilbide luzea
Ibilbideak 24,6 kilometro eta 1600 metroko desnibel positiboa izango ditu.Mugarraren magaletik abiatuta, Aramotz mendilerrotik igaroko da; tartean, Artatzagane (996 m) eta Leungane (1006 m) mendiak igoko dira. Iurretako plaza – Neberondo – Santa Lutzi – Katazka – Mugarrikolanda – Artatzagane (996 m) – Leungane (1006 m) – Inungane – Aramotzetik mendi zeharkaldia – Aizkorri (812 m) – Marmol –Landaederra – Santa Apolonia – Iurretako plaza.

Ibilbide laburra
Ibilbideak 15 kilometro eta 636 metroko desnibel positiboa izango ditu.Ibilbidea Mugarraren magaletik pasatzen da eta erraza da, zailtasun teknikorik bakoa, ume zein helduentzat aproposa. Iurretako plaza – Neberondo – Santa Lutzi – Katazka – Marmolerako bidea – Landaederra – Santa Apolonia – Iurretako plaza.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!