IRITZIA: Iurretako kofradien terrenoen harira

Eukeni Bastida 2019ko ira. 18a, 14:16

Orain dela bi igande Laixiar Eguna ospatu zen. Bertan Gizon Onen ahotik jakin ahal izan genuen 110 hektareatan dauden pinudiak botatzen ari direla, gaixotu egin direlako.

Jakin genuen baita, terreno berdinean espezie exotikoekin monokultibatzen jarraitzearen aldeko erabakia hartuta dagoela. Niri, honen inguruan galdera batzuk etorri zaizkit burura. Aldez aurretik, onartu behar da Gizon Onek kofradietarako euren buruaren intereserako ez diren lanak egiten, egiten duten esfortzua eta dedikazioa, euren denbora horretara dedikatuz. Hala ere, neurri honetako erabakiak denon artean hartu beharko genituzkeela uste dut.

Aipatu behar da baita, egoera kritiko baten aurrean gaudela. Orain dela aste gutxi batzuk Eusko Jaurlaritzak ere, Alerta Klimatikoa ezarri duela. Eta baita, egoera klimatiko honek eta monokultiboak pobretu dituen lurrengaitik dala orain esku artean daukagun terrenoen arazo hau ere.

Uste dut denok betiko inertziaz jokatu dugula. Hala ere, hona hemen nire galderak:

-Ekonomikotik aparte, beste irizpiderik jarraitu al da?

-Diruaz ariko bagina, ez al da arrisku handiko inbertsioa dirutza gastatzea monokultibo berri baten landaketa eta mantentze lanetan? Ez dugu ahaztu behar lur horren pobretze maila altua, 2-3 belaunalditako monokultiboa dela eta, gainera azkeneko pinua ere bertan gaixotu eta sikatu denean.

-Menditik pinuak ateratzeko, makinaria astuna erabiltzen da. Eta horretarako eginiko pistetan, euria egiterakoan erreka zulora joaten ari diren lur metro kubiko guztiak galera berreskura ezina dira. Hau ere, ekonomikoki baloratuko bagenu, galera haundia litzateke. Kontuan hartu al da? Google earth-etik ataratako argazkian ikusten da monokultiboko egurra atera ahal izateko Laixiar inguruan, lurrean egiten diren triskantzak.

-Zergatik lotu da hektarea guztiak monokultibatzearen erabakia Laixiar Eguna baino aste gutxi batzuk lehenago? Laixiar Egunean, eta aurretik ere, ez al da egon aukerarik herritarrei egoera kritiko honen aurrean zer egin galdetzeko? Zergatik presak inflexio puntu batean?

-Zergatik ez gelditu monokultiboaren proiektua eta herritarren ekarpenen balorazio bat egin? Beste aukera batzuen artean bi ikusten ditut nagusiki etorkizuna bideratzeko: espezie exotikoen monokultiboarekin jarraitu edo bertako basoa berreskuratu.

Adituen arabera, baso baten definizioa “100 urteko 100 hektarea” izango litzateke, hau da, 100 hektareako lursaila bertako begetazioarekin eta zuhaitzekin 100 urte betetzen dituenean. Horrelako ekosistema batek benetan eragiten du uraren zikloan, bizitzaren dibertsitate maila egoki bat dauka, inguruko tenperaturan eragiten du. Baso bat CO2 biltegi bat da, eta hori da orain gehien behar duguna. Egia da, hori ezin dugu orain diruarekin neurtu, baina monokultibatzea eta kultibo hori zaintzea baino askoz ere merkeagoa litzateke.

Diruak mugitutako munduan inork ez gaitu animatuko bertako baso bat eraikitzera. Orain arteko mendi monokultibatua edukitzen jarraitzeko ordea, "lagun” ugari izango ditugu: administrazio desberdinak, paper ekoizleak, landara saltzaileak, desbrozatzaileak…

Nire proposamena, 110 horietatik 55 hektareatan bertako basoa berreskuratzea da. 77 bider San Mames. Monokultiborako landarak eskatuta daudela argudiatzen dela? Geratu eskaera. Bertako basoa eraikitzeko ez da erosketarik egin behar. Eskaera geratzerik ez balego, monokultiborako landara exotikoak bertako landarengatik ordezkatzeko eskatu hornitzaileari.

Horrelako egoera baten aurrean aukeratu egin beharko dugu: Iurretarren kofradietako basoak edo Iurretarren kofradietako monokultiboak izan. Ni lehenengo aukeraren aldekoa naiz.

Seguruenik, erakunde baten dinamikak eta inertziak zalantzan jartzea, ez da lagunak egiteko modurik onena izango. Seguruenik, dinamika eta inertzien alderdi batzuk aldatzeak, egoera hobe batera eraman ahal gaituzte.

Pausorik eman barik ez dago ezer aldatzerik.

Eukeni Bastida

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!