70eko hamarkadan trikitixa jaialdiak egiten hasi ziren Iurretako plazan, eta edizio haietako batean Tomas Arrizabalaga omendu zuten. Herriaren lekukoa Amatza auzoak hartu du, eta gaur Tomasen seme Kepa Arrizabalaga izan da omendua. Jaialdiaren amaieran oroigarri bat eman dio Jose Jabier Abasolo Tiliño-k, 70eko hamarkadako jaialdien sustatzaile izandakoak.
Euskal Herriko sei bikotek parte hartu dute gaurko jaialdian, eta azkenak Hegoi eta Ainara Petite neba-arrebak izan dira. Amatza auzokoak dira, eta jaialdiaren zein jaien antolakuntzan ibiltzen direnetakoak gainera. Horregatik, animo bereziak eman dizkiete auzotarrek, pankarta eta guzti. Euren emanaldian, auzoari eta euren familiari eskainitako abesti hunkigarri bat jo dute, besteak beste.