Aurten 7. aldia izango du Urrijenak, eta jaiari osotasun bat eman guran lehenengoz domekatik zapatura aurreratu dute. Urriaren 12an, 350 dantzari inguru batuko dira. Plazara irtengo dira dantza egitera 15-16 urtetik 77 urtera arteko dantzariak. "Era berean, kalejiran parte hartuko dute gerra ostean dantzan egiten zuen taldeko dantzariek ere, 85-90 urte bitartean dituztenak", azaldu du Unai Esturok Urrijena antolatzen ari den batzordeko kideak. Beragaz izan dira aurkezpenean Eneko Barroeta, Larraitz Zabala eta Izaro Elorza.
Dantzari guztien argazkiagaz hasiko dute eguna. Ondoren, kalejira egingo dute herrian zehar, eta plazan erakustaldia eskainiko dute. Dantzari Dantzaren zati bat (Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata Txikiak, Banangoa eta Txotxongiloa) egingo dute lehenengo, eta, ondoren, Gorularien arku-dantza eta zinta-dantza eskainiko dute. Estanpa abestuko dute gero eta, amaitzeko, Aurresku-atzezkoa dantzatuko dituzte. Dantzari Dantza egiteko 18 talde batuko dira plazan eta dantza mistoetarako bospasei talde. Saioa amaituta, 65 urte egin dituzten dantzariak omenduko dituzte, 41 lagun.
Bazkaria eta erromeria
Askondon jarraituko dute jaia. Bazkaltzeko elkartuko dira dantzari guztiak eta, ondoren, erromeria ere egongo da. "Egun ederra" pasatzea dute helburu Urrijena antolatzen ari den batzordeko kideek azaldu dutenez, eta antolakuntzan lagundu gura duten herritar guztiak ongietorriak izango direla gaineratu dute. "Bestalde, dantzariren bateri parte hartzeko abisua heldu ez bazaio, gurekin kontaktuan jarri dadila", eskatu dute.
Iurretako San Migeletan, arrazoi bategatik edo besteagatik, plazara dantzan egitera irtetzeko aukerarik izaten ez zuten dantzariei dantzan egiteko aukera emateko egiten zen Urriijena, jaien osteko urriko lehenengo domekan, antolaketa batzordeko kideek azaldu dutenez.