Iurretako herrigunea antzeztoki bilakatuko da asteburuan, Kalez Kale jaialdiagaz

Aritz Maldonado 2019ko eka. 14a, 13:00

Eguenean hasi zen Iurretako Kalez Kalez kale antzerki jaialdia. Asteburu osoan zehar, beste sei emanaldi egongo dira gozagai herrigunean. Garbitxu Deabru Beltzak taldeko zuzendariak herriak jaialdia antolatzeko egiten duen ahalegina nabarmendu du: "Euskal Herriko ekoizpenak kaleratzeko jaialdi bakarrenetarikoa da, eta horrelako herri xume batentzat esfortzu handia da hori". 

Hamahiru urtean zehar, kale antzerki jaialdia egonkortu egin da Iurretan. Horren erakusle dira Pili Jimenez kultur teknikariak azaldutako datuak: "Urteotan, 82 antzerki konpainia etorri dira Iurretara, eta 450 aktorek antzeztu dute gure kaleetan".

Karrika plataforma
Jaialdiaren hasieratik, antolatzaileak Euskal Herri osoko obrak erakusten ahalegindu dira. Gainera, Iurreta Karrika plataformako kidea da. Horrela, aurten lehenengoz, Ipar Euskal Herriko konpainia batek emanaldia eskainiko du; iaz eskaintzekoa zen, baina euriagatik bertan behera geratu zen. Eflirkoa Collectifek Echos obra antzeztuko du gaur, ekainak 14. eta Funes Troup bizkaitarrek Aukerak aurkeztuko dute. Egun berean, Zanguango konpainiak oihalaren beste aldean zer gertatzen den erakutsiko du Al otro lado antzezlanean. Ekainaren 15ean Hortzmuga eta Barsanti konpainien txanda izango da. Femmes eta Kale Gorrian lanak aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren. Azkenekoen kasuan, emanaldi berezia izango da, izan ere, Barsantiko kideak Durangaldekoak dira. Tor Magoak itxiko du egitaraua, ekainaren 16an, Amarru ikuskizunagaz.

Euria eginez gero, Askondoko karpan egingo dira antzezlanak. Egitarau osoa ANBOTOko Agendan dago ikusgai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!