Kultur aniztasunaren alde egun osoko jaia antolatu dute ekainaren 15erako

Anboto 2019ko eka. 4a, 20:39
Kultura-aniztasunaren astearen aurkezpenean izan dira hainbat elkarteko ordezkariak

Kultur aniztasunaren aldeko astea prestatu dute Iurretan, herriko hainbat elkarte eta kolektibok elkarlanean. Axoura (Maroko), Biladi (Palestina) eta Fasoden (Senegal) elkarteek, Ghanako eta Maliko komunitateek, La Otra Mirada GKEk, Mikel Deuna dantza taldeak, HEKI herri kirolen elkarteak eta udalak parte hartu dute ekainaren 10ean abiatuko den egitarauaren prestaketan. 

Palestina berbagai hartuta, A cielo Abierto nobelaren aurkezpenagaz hasiko dira ekitaldiak, ekainaren 10ean. Idazleak berak, Pilar Salamancak aurkeztuko du liburua, 19:00etan, Ibarretxe kultur etxean.  Ekainaren 11n, bestalde, Gaza dokumentala erakutsiko dute, ordu eta leku berean. Jarraian, Palestina: La verdadera historia contada por un palestino hitzaldia eskainiko du Anis Hawari palestinarrak. 

Arrozaren jaia
Ekainaren 15ean, bestalde, egun osoko jaia egongo da Askondon, 11:00etan hasita. 11:30ean Axoura elkartearen eskutik tea dastatzeko aukera egongo da. Umeentzako tailerrak hasiko dira 12:00etan: herri kirolak, henna eta trentza tailerretan parte hartzeko eta arabiar idazkera ikasteko aukera eskainiko dute. Azkenik, bazkaldordua heldu artean Ghana txarangak eta bertako zein beste herrialdeetako dantzariek berotuko dute giroa. Herrialdeko bakoitzeko arroza dastatzeko aukera emango du 14:30erako antolatu duten herri bazkariak. Bi euroren truke hartu daitezke txartelak ekainaren 11 baino lehen Ibarretxe kultur etxean, Herritarren Arretarako Zerbitzuan, Nagusien Egoitzan eta Gau Argi tabernan. Batutako dirua La Otra Miradak Senegalgo hegoaldean garatu gura duen amaetxea eraikitzera bideratuko da. 

Antolatzaileen berbetan herrian bizi diren pertsonen arteko harremanak sendotzeko balio dezake jaialdiak eta parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. "Elkarbizitza eraikitzeko modu bat da eta egun oso polita izaten da", Zorione Fundazuri zinegotziaren ustez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!