Emakumeen Bira gaur eguerdian hasiko da Iurretan

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 22a, 11:00

Lasterketa 15:00etan abiatuko da eta munduko txirrindulari onenek eskualdeko hainbat herri zeharkatuko dituzte. Tropelean ez da izango Ziortza Isasi elorriarra, ezta bere taldekideak ere.  

Mitchelton-Scott taldeko Annemiek Van Vleuten eta Amanda Spratt faborito nagusi direla, gaurtik zapatura bitartean Emakumeen Bira jokatuko da. Gaur Iurretan hasi eta amaituko den etaparekin ekingo diote 32. aldiari.

Lehenengo etapak 101 kilometro ditu. Hasi eta berehala Abadiñotik igaroko dira, 15:05 inguruan. Handik Atxondora (15:12) eta Elorriora (15:16) joango dira. Miotatik Berrizerako (15:26) bidea egingo dute ondoren. N-634 errepidean sartuta Zornotzarantza joango dira (15:50). Osten, Lezama, Derio, Artebakarra, Mungia, Astoreka eta Larrabetzutik igaro beharko dira Iurretara itzuli aurretik. Etapa 17:40 inguruan amaituko dela aurreikusi dute antolatzaileek.

Ziortza Isasi ez da irteeran izango

Bestalde, Eneritz Iturriagaren Eneicat taldea intoxikazio baten ondorioz ez da Emakumeen Biran egongo, tartean Ziortza Isasi. Sare sozialetan iragarri dutenez, taldeko txirrindulari eta kideek Burgoseko itzulian salmonelosi intoxikazio bat jasan zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!