Hauteskundeak

Iurretarako "etorkizunerako proiektua" aurkeztu du EAJk

Aitziber Basauri 2019ko mai. 7a, 20:00

Iurretarentzako "etorkizunerako proiektu bat" osatu gura du EAJk "jatorri, hizkuntza eta ideologiak alde batera utzita". Horretarako talde "indartsua, batua eta langilea" osatu dutela nabarmendu dute, eta datozen udal hauteskundeetarako 60 proiektu batzen dituen programa osatu dutela. Iñaki Totorikaguena zerrendaburuak azaldu duenez, "azken lau urteetan egindako lana da  gure bermea". 

Herritarren proposamenak aintzat hartu dituen hauteskunde programa osatu du EAJk, Iurretako Batzokian egindako agerraldian azaldu dutenez. Zazpi ardatz nagusitan banatu dituzte landutako proposamenak, "Iurreta etorkizunera bidean jarriko duen udal eraginkorra, gardena eta parte hartzailea lortzeko".

Hirigintza eta mugikortasunari dagokionez, Bidebarrieta kalea berriztu gura dute, eta etxebizitza jasangarriak eraikitzea bultzatu , gune berdeekin. Adibidez, Bideondo inguruan. Mugikortasunagaz batera eta aparkalekuak ere hobetu gura dituzte, eta horretarako herritarren premiak ezagutzeko azterketa bat egin. Hirugunean komun publikoa ipintzeko eskaerari erantzun gura diotela ere aaldu dute, eta Arriandi auzoan segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lankidetza hitzarmena lotu gura dutela.

Enplegu egonkorra eta euskararen presentzia handiagoa 

Garapen ekonomikoan, enpleguan, merkataritzan eta turismoa ere lan egin gura du EAJk. Esparru horren barruan, enplegu "aktibo eta egonkorra" lortzeko lan egingo dute, eta, merkataritza dinamizatzen eta eskualdeko turismoa garatzen jarraituko dute, azaldu dutenez. Aita San Migel plaza dinamizatzea ere badute helburu.

Bestalde, aisialdi eta kirol jarduera aukerak zabaltzeko lan egin gura du EAJk, eta, Euskararen Plan Berria idazteko orain arteko lankidetzari eutsi gura dio. Euskararen presentzia handiagoa izan dadin pausoak eman nahi dituzte eta herriko ondarea ezagutarateko ekintzak garatu. Kultur eskaintza indartzeaz gainera, Ibarretxe kultur etxeko aretoa ere egokitu gura dute,"erabilera anitzetarako toki bihurtuz".

Ingurumenari dagokionez, energia berriztagarriak sustatzen jarraituko duela dio EAJ, eta ibilgailu elektrikoak kargateko gune bat sortzeko prozesua abiatu dela gogoratu dute. Ibai-hertzak edota berdeguneak zaintzeko konpromisoa ere hartu dute, besteak beste. Landa eremuak beharrezko azpiegiturekin hornitzen jarraituko dutela gaineratu dute. 

Gizarte ekintzan, berdintasunean eta bizikidetzan lan egiten jarraitzeko proposamenak ere azaldu ditu EAJk. Horretarako, besteak beste, berdintasun `planean lanean jarraituko dutela azaldu dute, baita garapen bidean dauden herrialdeekin lankidetzan ere bai. "Adinekoekin atseginagoa den Iurreta" lortzeko pausoak emango dituztela ere adierazi dute agerraldian. Udal jardun parte hartzailea eta gardena gura du EAJk, eta administrazioen arteko erlazioa sustatu gura du. Era berean, herritarrek udalagaz duen harremana "erraztu" gura dute. "Gobernu ireki baten alde" lan egin gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!