Iurretako eta Urduliz lehia ikusgarria mantentzen ari dira Hirugarren Mailara zuzenean igotzeko borrokan

Joseba Derteano 2019ko mai. 4a, 10:20

Ohorezko Mailako goialdea gori-gori dago Iurretakori eta Urdulizi esker. Lehia ikusgarria mantentzen ari dira denboraldi osoan zehar, oraintxe bata lider eta hurrengoan bestea. Orain Urduliz dago goitik, hiru puntuko aldeagaz. Bietako batek ere ez du amore ematen eta ez da gutxiagorako, lehen sailkatuak eramango baitu sari potoloa: zuzenean igoko da Hirugarren Mailara.

Bigarren geratzen denak, ostera, igoera fasea jokatu beharko du. Iaz horixe gertatu zitzaion Iurretakori, eta, azkenean, ezin izan zuen igo. Aurten eginahalak egiten ari da igoera fasea saihesteko, eta hamabi jardunaldi daramatza galdu barik. Orain hilabete, Urdulizi irabazi zion, etxetik kanpora.

Lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Urdulizek Ondarroako Aurrera eta Getxo taldeen kontra jokatu behar du oraindik; hirugarren eta laugarren sailkatuak dira, hurrenez hurren. Iurretakok Aurreraren kontra amaituko du liga. Gainerako taldeak sailkapenaren behealdean dabiltza. Esaterako, domekan, 17:00etan, jokoan ezer ez duen Dinamo San Juan hartuko du etxean. Irabazi beharreko partidua da, presioa sartzen jarraitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!