Mozorro afaria eta 'Artantxuriketan' ikuskizuna, San Marko jaien barruan

Anboto 2019ko api. 23a, 12:00

Donien atxa jasotzeagaz batera hasiko dituzte San Marko jaiak Iurretako auzoan, bihar, apirilak 24. Bakailao errea banatuko dute parte hartzen dutenen artean, eta, ondoren, igel txapelketa egingo dute. Asteburuan batu dituzte ekitaldi gehienak, mozorro jaia eta tortilla txapelketa tarteko.  

Hala ere, osteguna, San Marko eguna, jai giroan ospatuko dute Oromiñon. Herri bazkaria egingo dute, 12:00etako meza ostean. Bestalde, 17:00etan, briska txapelketa jokatuko dute. Barikurako antolatu dute mozorro jaia, Txinan girotutako afariagaz.

Esan bezala asteburuan batuko dira ekitaldi gehienak. Maiztegi eskolako umeen dantza erakustaldiagaz hasiko dute ekitaldiak zapatuan, 17:00etan. Ondoren, umeen jolasak hasiko dituzte. Iluntzerako, tortilla txapelketa antolatu dute. Izena ematea 19:00etan zabalduko da, eta 20:00etarako aurkeztu beharko dira tortillak epaimahaiaren aurrean, Makilaren Kofradia. Ordu berean, Takitto taldearekin erromeria hasiko da, afalostean ere jarraituz. Gauerdirako sorpresak iragarri dituzte, eta goizalderako txokolatea.

Domekan, meza amaituta, Iurretako Mikel Deuna taldeko dantzarien eta trikitilarien ordua izango da, eta, eguerdian, kantu bazkaria egingo dute Oromiñon, Eingo taldeagaz. Artantxuriketan ikuskizuna eskainiko dute, 18:00etan, Maixux Zugarramurdik eta haren hiru alabek. Jaiak agurtzeko errifaren zozketa egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!