“Hegoafrikan dena ematera irten nintzen eta proba ezin hobeto irten zitzaidan”

Maialen Zuazubiskar 2019ko api. 12a, 08:00

Hawaiin jokatuko den Munduko Ironman Txapelketarako txartela lortu du Gurutze Fradesek. Asteburuan Hegoafrikan izandako lasterketan sasoi betean dagoela erakutsi eta helmugan bigarren izan zen triatleta iurretarra; postu horri esker, Konako (Hawaii) lasterketan izango da.

Asteburuan bigarren izan zara Hegoafrikan jokatu den lasterketan. Zer moduz joan zen proba?
Lasterketa primeran joan zen, bikain. Lasterketara sasoi oso onean heldu nintzen, oso ondo negoen eta aurrez egin beharreko lana ondo eginda neraman. Aurretik, lasterketaren irakurketa bat egin nuen eta, egia esan, gura nuen erritmoan aritu nintzen, eta gura nuen aurkarien artean. Gainera, gureak oso lasterketa luzeak izaten dira, ordu askokoak, eta sufritu beharreko momentuetan ondo eutsi nion.

Esperotako emaitza izan da?
Banekien sasoi onean nengoela, baina inoiz ere ez dakizu lasterketan zer gertatuko den. Zure bizitzako lasterketarik onena egin dezakezu, baina baita zure aurkariek ere. Errespetu handia diet aurkariei, oso indartsuak dira, eta zeure lekuan jartzen zaituzte. Lasterketa hasi aurretik, banekien podiumaren lehian egoteko aukerak nituela, eta dena ematera irten nintzen. Nire onena eman nuen, une oro lasterketan buru-belarri sartuta egon nintzen eta, azkenean, dena bikain irten zen.

Hegoafrikan bigarren izan ostean, Konako Munduko Txapelketarako txartela lortu duzu. Espero baino lehen lortu duzu proban sailkatzea?
Proban sailkatzeko formatua aldatu egin dute aurten. Orain, lasterketako lehenengo sailkatu biek zuzenean lortzen dute Munduko Txapelketarako txartela, eta nik oso zail ikusten nuen. Hala ere, Hegoafrikan dena ematera irten nintzen eta proba ezin hobeto irten zitzaidan.

Zein da zure hurrengo helburua?
Distantzia luzeko Munduko Txapelketa izango da. Espainiako selekzioagaz parte hartuko dut. Maiatzaren 5ean izango da, Pontevedran.

Ze asmogaz zoaz?
Sasoi onean nago, baina, hala ere, nik Hegoafrikako lasterketa prestatu dut, eta formatu aldetik desberdinak dira. Orduan, ikusi egin beharko da nola nagoen. Pontevedrako lasterketa prestakuntzarako hartu dugu kontuan, eta, beraz, lehenengoen artean egotea gustatuko litzaidake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!