Jesus Mari Uribelarrea dantzaria hil da

Jone Guenetxea 2019ko api. 9a, 13:31

Iurretako dantzaria eta Mallabiko Jasokunde abesbatzaren sortzaileetako bat izan zen.

Iurretako Ebro baserrian jaio zen Jesus Mari Uribelarrea Iturriagaetxebarria Txiflis. Gazte hasi zen dantzan. Aurreskulari trebea, 70eko eta 80ko hamarkadetan makina bat aurresku txapelketa irabazi zituen. Ondoren, atabalaria ere izan zen. Bere osteko belaunaldiagaz dantzari maisua izan zen Iurretan.

Banango doinuagaz, Aitte San Migel doinuagaz, ondorengo kopla sortu zioten Uribelarreari:

Orain nerbijo bako mutilla

baiña dantzari abilla

aurreskularirik iñun bada

'Txiflis'-engana etor dadila

Ezkontzerakoan Uribelarrea Mallabiko Atxitxe baserrira joan zen bizitzera. Herri honetan ere kultur arloan jardun zuen. Dantza irakaslea eta Jasokunde abesbatzaren sortzailea  izan zen. Durangaldeko kulturgintzan oso pertsona maitatua izan zen Txiflis

Mallabiko baserrietan gordeta egon diren garai bateko lanabes eta tresnak jaso zituen Baserriko lanabesak, tresnak eta trepetxuek. Iragandako bizimodu baten lekuko liburuan. Justo Azagirre, Pello Mugarza eta Jesus Mari Uribelarrea aritu ziren lan horretan, eta Gerediaga elkartegaz elkarlanean kaleratu zuten 2016an.

Uribelarrea 65 urtegaz hil da gaur, gaixotasun baten ondorioz. Bere aldeko hileta zibila bihar izango da, apirilak 10, Mallabiko parkean, 19:00etan.   

 Jesus Mari Uribelarrea, beheko lerroan, eskuman.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!