TAO sistema doako bihurtu gura du Iurretako EH Bilduk

Aitziber Basauri 2019ko api. 5a, 11:47

EH Bilduk osatu du hurrengo udal hauteskundeetarako herri programa. Hori osatzen duten proposamenak "era parte-hartzailean eta herritarrekin egindako batzar zabaletan" landu dituzte, azaldu dutenez. Bultzatu gura duten egitasmoetako bat egoiliarrentzako TAO sistema doakoa bihurtzea da.

Bestalde, ordutegi zabalagoa eskaini eta Ibarretxe kultur etxearen birmoldaketa bultzatuko dute. Etorkinei laguntzeko Harrera Taldea eta partaidetzarako aukerak "sakontzeko" foro sozialak ere sortu gura dituzte.

Bestalde, N-634 errepiderako proiektua gelditu gura dute, "trafiko handiagaz herriak duen arazoa konponduko ez duen partxe bat" delakoan, eta Aldundiagaz hitzarmen berria landu gura dute. Era berean, Maspeko biribilgunea eraldatu gura dute, iurretarrek lehentasuna izateko. Abadetxea herrira zabaltzeko eta kirol azpiegiturak iurretarren esku jartzeko ere lan egingo du EH Bilduk.

Emakumeentzat arriskutsuak izan daitezkeen puntu beltzak identifikatu eta horiek hobetu gura ditu EH Bilduk. Euskara ikastea doakoa izatea eta etxebizitzen alokairu soziala bultzatu gura dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!