Apirilean hasiko dituzte N-634 errepidea zeharkale bihurtuko duten lanak Iurretan

Aitziber Basauri 2019ko mar. 28a, 12:12

Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da 1.557.000 euroko aurrekontua duten berrantolaketa lan hauetaz, eta zortzi hilabetez luzatzea aurreikusi dute.

Data zehatzik ez du eman Bizkaiko Foru Aldundiak. Hala ere, N-634 errepide nagusiaren berrantolaketa lanak apirilean hasiko dituzte. N-634 errepide nagusia zeharkale bihurtu gura dute, eta horretarako  1.557.000 euroko inbertsioa egingo dute; Iurretako Udalak 922.505 euro jarriko ditu eta Bizkaiko Aldundiak 634.460.  Lanak zortzi hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute. Lanak hasiko direlako "oso pozik" agertu da Iñaki Totorikaguena alkatea, "oso garrantzitsuak dira lan hauek herriarentzat, eta urteak daramatzagu gauzatu daitezen lanean".

Herriko bideekin lotura hobetze aldera bi biribilgune egingo dituzte: Askondo kalearen parean egongo bat, herrigunera eta kultur etxearen alboko aparkalekura sartzeko aukera emango duena, besteak beste. Bigarren biribilgunea, berriz, Durangoko Francisco Ibarra  kalearen parean egongo da. Goiuriako bidea hartzeko aukera emango du horrek, eta zuzenean Durangoko kale horretara sartu eta irtetzeko aukera ere bai. 

Oinezko eta txirrindulariak

Bestalde, 2,5 metroko zabalera duen espaloia eta bidegorria egokituko dituzte zeharkale berriaren albo bakoitzean, eta, lanek eragingo duten 700 metroko zati horretan goratutako bost zebrabide jarriko dituzte. N-634 errepidearen berrantolaketa gauzatzen denean, zati horretan 50 kilometro orduko abiadura ezarriko dutela iragarri zuten uztailean, udalak eta Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatu zutenean. Trafikoa ordenatzeko eta abiadura neurtzeko semaforoak ere ipiniko dituzte, aldundiko arduradunek azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!