Martxoaren 8ko ekitaldietan parte hartzera deitu dute

Anboto 2019ko ots. 28a, 17:15

Gizarte ongizateko teknikari Amaia Legorburu, Ainhoa Albizuri zinegotzia, Anderebideko Ana Mari Urkidi eta bibliotekako arduradun Ziortza Onaindia

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta egitaraua osatu du udalak, Anderebide elkartearen eta Gu Be Bai Runners taldearen laguntzagaz. Milia Morea, bazkaria eta tarta lehiaketa izango dira besteak beste.
Martxoaren 8an, elkarretaratzea ere deitu du Anderebidek, 12:00etan.

Antolatutako ekitaldiak azaltzeko aurkezpena egin dute, gaur, Ibarretxe kultur etxean. Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldeko adierazpen instituzionala irakurriko dute martxoaren 7an, 19:00etan. Ondoren, tarta lehiaketan parte hartutako pastelen dastaketa egingo dute. Martxoaren 9rako, bestalde, Milia Morea antolatu dute. Askondon egin dute hitzordua, 12:00etan, era herrigunean zehar milia bat korrika egitera deitu dituzte herritar guztiak. Bazkaria antolatu dute, ostean. Egun horretako ekitaldiekin bukatzeko, nesken talde ziklistaren aurkezpena egingo dute, 19:00etan.

Genero ikuspegitik aukeratutako bi antzezlan ere izango dira, martxoaren 14an eta 15ean.  Sex o no sex eta Futbolariak eta printzesak antzezlanak taularatuko dira, Ibarretxe kultur etxean. 

Eskolaumeekin generoa landuz

Herri bibliotekak ere genero ikuspegia txertatuz hainbat ekitaldi antolatu ditu martxorako. Bigarren urtez, eta Markiñako liburutegiagaz batera Areto Literarioa antolatu du bibliotekak. Generoa dute lanerako gaia, aurten, eta Maiztegi ikastetxeagaz batera, HH5etik LH6ra bitarteko haur eta gazteei zuzendutako saioak egingo dituzte. Txori batek esanda daki... generoa! egitasmoaren barruan landuko dute hori. Horrez gain, martxoaren 6an, Arantxa Urretabizkaiagaz berbaldia antolatu dute, Josune Muñozek (Skolastika) zuzenduta. Ekitaldia, 18:30ean hasiko da.

Emakumeen literaturaren aldeko apustua egin gura izan du bibliotekak, eta bide horretan, antolatu dute Emakumeen Literatur tailerra ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!