Fundigelek utzitako orubean etxeak eraikitzen hasteko bidea zabaldu dute

Aitziber Basauri 2019ko ots. 28a, 10:35

Fundigel bota ostean geratu zen orubearen urbanizatze proiektua behin betiko onartu ostean, bertan eraikitzen bidea zabaldu zuten joan zen azaroan. Orain, Iurretako Udalak bertan duen lursail zatia saltzea erabaki du. Udalbatzak aho batez onartu du, gaur, salmentarako lizitazio prozesua zabaltzea. Ia 600.000 euroan jarriko ditu salgai 420 metro koadro, bertan hamar etxebizitza eraikitzeko. Iñaki Totorikaguena alkateak aurreikusi du aurten hasi daitezkeela eraikitzen.

2011n bota zuten Fundigel enpresa eta, 2012an, fundizioak utzitako lursailaren berpartzelazioa onartu zuten —Gailur Alde enpresa etxegilea eta Belacortu familia ziren lurren jabeak—. Hirigintza hitzarmena sinatu zuten 2015ean, eta udalari zegokin hirigintza-aprobetxamendua ere zehaztu zuten: udalari lurren % 15 eman zioten, metro karratutan, eta 152.607 euro dirutan ordainduta. Legez horrela egitera behartuta daude lurjabeak. Lur zati hori da orain salmentan jarriko dena. 

Fundigelek utzitako lursailean, guztira, 84 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita. Iurretako Udalarena den lursailean 10 etxe egingo dituzte. Gainontzeko lursaila bi zatitan dago banatuta, bi lurjabegaz: batean 18 etxebizitza eraiki daitezke, eta bestean 56 etxe.

Eraikitzen hasteko epemuga 
Urbanizatze-proiektuan deskontaminazio lanak amaitu eta eraikitzen hatseko epea ere zehaztu zen. 2020. urtea lotu zuten eraikitzen hasteko epemuga moduan. Beraz, litekeena da urte honetan bertan hastea eraikitzen, alkateak azaldu duenez.

Paduretako lanak
Bestalde, ondoan dagoen Maspeko aparkalekuko etxebizitzen proiektuari dagokionez, Ura agentziaren baimenaren zain daude oraindik udal arduradunak. Lurrak erreka alboan daudenez, urbanizazio lanak hasteko derrigorrezkoa da  baimen hori eta oraindik ez dira adostasun batera heldu Totorikaguena alkateak azaldu duenez.  Behin baimen hori edukita urbanizazio proiektua behin betiko onartu beharko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!