Bi ibilgailu elektriko erosiko ditu udalak Lan Brigadarako

Aitziber Basauri 2019ko ots. 26a, 10:13

Iurretako Lan Brigadak bere eguneroko lanetarako erabiliko dituzte bi ibilgailu berri hauek, 15 urtez erabili dituzten bi ibilgailuak ordezkatuz. Modu horretan, udalak berretsi gura du "ingurumenarekiko duen konpromisoa eta energiaren efizientziarekiko apustua", azaldu dutenez.

Datozen asteetan esleituko da bi ibilgailu elektrikoen erosketa, 37.000 euro bakoitza eta bost urtetako errentamendu sistemarekin. Ezaugarri hauek dituzten udaleko lehenengo ibilgailuak dira hauek, nahiz eta duela urte batzuetatik hona ibilgailu hibrido bat izan. Iñaki Totorikaguena alkateak ohar baten azaldu duenez, "trantsizio energetikoari aurre egiteko ekintzen buru egon behar dugu, horregatik, tradiziozko ibilgailuak ordezkatuz joatea erabaki du udalak, energia eraginkortasuna eta energia aurreztea kontuan izanda. Apurka-apurka, beste ibilgailu batzuk ordezkatzen joango gara, erregai alternatiboak erabiltzen dituzten beste batzuen ordez”.

Hainbat aipamen jaso ditu Iurretako Udalak energia efizientziaren alorrean CO2 emisioak gutxitzea helburu izan duten jarduerengatik, alkateak gogoratu duenez. Gaineratu du, besteak beste, argiteriko koadroetan telegestio sistemak jartzea aurreikusi dutela "energetikoaren kontrol hobeago bat izateko"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!