Iurretako enpresa baten lapurretan harrapatu dituzte hiru gizonezko asteburuan

Anboto 2019ko ots. 25a, 13:52

Ertzaintzak 27, 34 eta 39 urteko hiru gizonezko atxilotu zituen. Hainbat polizi aurrekari dituzte atxilotuek, batez ere, ondarearen kontrako delituengatik. 

Zapatu arratsaldean izan ziren gertakariak. Enpresako alarman jo ostean hurbildu ziren bertara Ertzainak. Kanpoan auto bat aurkitu zuten, barruan gizonezko bat zegoela. Ertzainak hurbilduta bakarrik zegoela esan zien. Enpresa inguratzen zuen hesiaren ate nagusia indarrez irekita zegoela ikusi ondoren ertzainak barrura sartu ziren, eta enpresaren atzeko partera ihesi zihoazen bi pertsona ikusi zituzten. Hesia pasatu eta alboan zegoen pinudi batera sartu ziren. 

Pinudian bertan atzeman zituen bi gizonezkoak ertzaintzak. Biak atxilotu zituzten, baita aurretik, enpresaren kanpoan, aurkitu zuten konplizea ere. Atzo epailearen aurrera eraman zituzten hirurak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!