Glu-glu konpainiaren Pinotxok abiatuko du bariku honetan Iurretako Antzerkia Bultzatuz jaialdia

Aritz Maldonado 2019ko ots. 6a, 16:20

Genero ikuspuntua landu gura izan dute bereziki bosgarren edizio honetan. Guztira zazpi obra aurkeztuko dituzte beste horrenbeste antzerki konpainiek Ibarretxe kultur etxeko aretoan.

Pinotxo ikuskizunagaz emango zaio hasiera 5.Antzerkia Bultzatuz jaialdiari. Guztira, zazpi antzezlanek osatuko dute zikloa, eta haurrentzako zein helduentzako obrak izango dira. Bosgarren edizio honetarako, genero ikuspuntua landu gura izan dute antolatzaileek. Izan ere, Anderebiderekin elkarlanean antolatzen dute jaialdia. Sex o no Sex klown ikuskizuna edota Futbolariak eta Printzesak (umeentzako) antzezlanek ikusleari zer hausnartu eragitea gura dute antolatzaileek. Antzerki "serioaren" aldeko apostua ere egin dutela nabarmendu du, baita, Pili Jimenez Ibarretxe kultur guneko arduradunak. "Komediako antzerkiekin aretoa betetzea erraza da, hala ere, herritarrak gonbidatu gura ditut drama jorratzen duten antzerkietara ere". Horrela, Frios y Calidos eta Idiota antzezlanak nabarmendu ditu Jimenezek.

Antzerkia Bultzatuz jaialdia, duela hamarkada bat baino gehiago martxan daraman Kalez Kale kale antzerki jaialdiari batzen zaio Iurretak antzerki eskaintzaren alde egiten ari den ahaleginean. "Hilean behin, kalitatezko antzerkia ikusteko aukera eskaini nahi diegu iurretarrei" azaldu du Iñaki Totorikaguna iurretako alkateak.

Saioak doan

Ekimenaren helburua, esan bezala, Ibarretxe kultur guneko aretoko programazioa finkatzea da. Horrez gainera, antzerkia herritarrei hurbiltzeko ahalegina ere bada, hori dela eta, doakoak izango dira saioak. Aurretik gonbidapenak hartzea ezinbestekoa izango da. 15.000 euroko aurrekontua du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!