Aurrekontu parte hartzaileak lantzeko foroak zehaztu dituzte

Aitziber Basauri 2019ko urt. 20a, 14:09

Bidebarrietatik Maspe kalerako irisgarritasun trabak konpondu zituzten iaz

Urtarrilaren 22an egingo dute lehenengo foroa. Bertan herrian atzemandako premiak azaldu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek, eta, 50.000 euroko diru atala nola erabili erabakiko dute. Ibarretxe kultur etxean izango da batzarra, 19:00etan.

Otsailaren 26rako antolatu dute bigarren foroa. Bertan, egindako informe teknikoak aztertuko dira eta lehentasunak zehaztuko dira. Hirugarrenez landuko dituzte aurrekontu parte hartzaileak Iurretan, eta hainbat egitasmo jaso izan dituzte: besteak beste, Ebroko zubiaren argiztapena hobetu dute, bidegorrian zehar jarleku gehiago jarri dituzte eta Maspe eta Bidebarrieta arteko lotura egokitu dute gasolindegian.

Udal aurrekontuen elaborazioan herritar guztiei parte-hartzeko aukera ematen dien parte-hartze prozesua da datorren astean hasiko dutena, " horrela herritarrak protagonista aktibo bilakatuz, hausnarketa aktiboa eta solidaritatea sustatzeko, behar errealei irtenbidea bilatzeko, eta, administrazio eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko", ohar baten azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!