“Asierren Eguna egin ostean, konturatu gara badirela Asier gehiago Iurretagaz lotura zuzena dutenak”

Aitziber Basauri 2019ko urt. 20a, 10:30

Zituzten itxaropen guztiak soberan bete zituzten. Iurretan antolatutako Asierren Egunak 11 lagun batu zituen. Gazteenak 24 urte zituen, eta zaharrenak, 46. Errepikatzeko esperantza dute, eta Asier izena duten guztiak izango dira ondoetorriak. Durangaldeko Asierren Eguna antolatzeak nahikoa burukomin sortu dezake, baina pentsatzeko moduko kontua dela uste dute  Asier Verak eta Asier Otaduik.

Itxura batean pentsa daiteke Asier baino Mikel gehiago daudela Iurretan…
A. Otadui: Ez dakit ba… nik ez dut Mikelik ezagutzen. Asier gehiago gara, seguru!
A. Vera: Nik neuk ere ez.

Nola sortu zen Asierren Eguna?
A. Otadui: Ezkontza batetik beste ezkontza bat irteten dela esaten dute, eta parranda batetik beste parranda bat. Bada, horrela sortu zen dena. Esan behar dugu hirugarren burua falta dugula hemen, Asier Totorika Toto. Elkartzen ginen guztietan irteten zen gaia: denok Asier garela eta zerbait egin behar genuela. Iaz, San Migel egunean sortu genuen Asierren WhatsApp taldea, txosnetan, eta hortik bururatu zitzaigun Asierren Eguna antolatzea.

Zenbat zarete taldean?
A. Otadui: Momentuz, 21. Hala ere, Asierren Eguna egin ostean, konturatu gara badirela Asier gehiago Iurretagaz lotura zuzena dutenak: bertan bizi direnak, bizi izan direnak… Taldea handituko da, seguru.

Asierren Egunean erdiak behintzat batu zineten. Nola joan zen eguna?
A. Vera: Oso ondo. 11 batu ginen. Azken momentuan, bi ezin izan ziren etorri, lan kontuengatik.  

‘Asier eta kitto!’ zioten txapak atera zenituzten, eta pegatinak ere bai...
A. Otadui: Bai, merchandising guztia egin genuen. Baten batek erreparoa izan zuen txapa jartzeko, baina, azkenean, denok ipini genituen. Pegatinak herrian zehar jartzeko atera genituen, apur bat zirikatzeko. Bazkalostean, errege koroekin irten ginen kalera, egunak ere hala eskatzen zuen-eta. Durangon amaitu genuen eguna, errege koroa eta guzti.

Inork Asier deituta, denek erantzuten zenuten?
A. Otadui: Bai! Asko umeak ziren gainera, jakin bazekiten-eta denok Asier ginela. Ea denok Asier ginen galdezka etorri zenik ere izan zen.
A. Vera: Durangon ere baten batzuek bazuten Asier Egunaren berri, eta guri deitzean denok erantzuten genuen.

Parranda giroan sortutako istorioa da orduan...
A. Vera: Bai. Beste Asier batzuekin berba eginda geunden, baina ezer ere lotu barik. Kontu guztia mugitzeko, Asier Otaduiri esatea pentsatu genuen, eta hala egin zuen.
A. Otadui: Parranda egiteko aitzakia izan da Asierren Eguna. Bigarren bat antolatzen bada, beste parranda bat egiteko izango da.

Orduan, bigarren Asierren Eguna egiteko asmoa duzue?
A. Vera: Badugu esperantza! Animatuta dago jendea. Etortzerik izan ez zuten batzuk ere gogotsu daude, eta udaberrirako beste Asierren Egun bat antolatzeko eskatu digute.

Abizen bera dutenak elkartzen ikustera ohituta gaude. Ez hainbeste izen bera dutenak. Aurrekaria sortu duzuela uste duzue?
A. Otadui: Baliteke! Entzun diot inori ideia botatzen: “Eneko izenekook ere elkartuko gara. Bagaude hiruzpalau!”. Egun kuriosoa da. Beti ezizenez ezagutu izan dugun hori ere Asier dela Asierren Egunean jakin dugu. Broma artean, emakumerik ez zegoela-eta Asierren eta Amaiaren eguna antolatu beharko genukeela bota zuen norbaitek...

Iurretakoak zarete denok? Onartuko duzue beste herriren bateko Asierrik zuen taldean?
A. Vera: Bai! ez dugu inor baztertzen.
A. Otadui: Durangon bizi diren iurretarrak, Iurretako eskolan ibilitako durangarrak… batu ginenok zelanbaiteko lotura dugu Iurretagaz. Durangaldeko Asierren Eguna antolatzea falta dugu!  Pentsatzeko modukoa da!

Zuen ondorengoei Asier izena jarriko diezue?
A. Vera: Semeari ez dut uste Asier izena jarriko diodanik, igual lagunen batek jarriko dio... ikusteko dago!
A. Otadui: Nik neuk ez diot jarraitu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!