Egunerokoan, aisialdi, kultura eta ekintza sozialen falta sumatu dute, eta "horrek harremanetan eta herri-giroan eragina duela" uste dute. Plazan batzen dira, bere garaian "herriko bihotza" izan zen gunean, "jolaserako, ekintzarako eta harremanetarako erdigunean". Hala ere, "denbora pasatu ahala plaza husten joan da, bizia galtzen, eta herrian igarri egiten da", dinamikaren bultzatzaileen berbetan. Herriari zabalik zegoen Abadetxea erretzeak ere izan du eragina horretan, diotenez. 2006an gertatu zen eta oraindik hutsik dago. Kezka hori herritarrekin konpartitu dute udaz geroztik, eta iritzia ere eskatu dute.
Prozesu horren ondorioz, prest dute lehen ekintza, herria biziberritzeko bidean: Bigarren Eskuko Azoka egingo dute abenduaren 2an, 10:00etatik 14:30era, plazan. Doan da izen-ematea, Gau Argi eta Ibai-Ondo tabernetan edo iurretaplazaratu@gmail.com helbidean. Azaroaren 29aren aurretik apuntatuz gero, Iurreta Plazaratuk ipiniko du mahaia. Musika eta txosna egongo dira.