Garain egindako Garai Brewing Company garagardoa eta Mungiako Boga izango dira Bizkaia ordezkatuko dutenak; Elgetako Baobeer-ek ordezkatu du Gipuzkoa eta, Araba, Murgiako Saltus garagardoak. Nafarroatik etorriko dira Xorta —Burgin ekoiztutako garagardoa— eta Sesma Brewing Co —Sesman ekoiztua—. Seirak probatzeko aukera egongo da 13:00ak arte egingo diren dastaketa gidatuetan. Zuritoak eskainiko dituzte euro batean. Umeentzako talo tailerra ere hasiko da 12:30ean.
Garagardoa hartzeko azokako logoa duten basoak ere jarriko dituzte salgai, bi euroan, "premiazkoa da-eta garagardoa formatu egokia hartzea", Garai Brewing Companyko Ekaitz Alberdik azaldu duen moduan. "Kalitatezko jan eta edana sustatzeko" pintxoak ere eskainiko dituzte eguerdian, gaineratu duenez.
Gonzalo Portugal bakarlari akustikoaren saioa hasiko da 19:00etan, eta, 20:30ean, Los Jaimones taldeak berotuko du giroak. Dj-ak ere egongo dira Iurretako Askondoko karpan. Dj Bekosue, Selektah Barraskiller, Dj Mingots eta Dj Swimming Pol arituko dira bertan. Gauerdira bitartean jai giroa nagusituko da Iurretako Beer Azokan. Bestalde, garagardo sorta bana zozketatuko dituzte 15:00etan eta 22:00etan.
Pozik daude antolatzaileak iaz garagardo azokak izan zuen arrakastarekin. Jai Batzordeko Liher Aiartzaguenak onartu du "sorpresaz" hartu zutela izan zuen harrera, "ez genuen horrenbeste jende espero". Bai jendeari dagokionez bai garagardoaren kalitateari dagokionez, Iurreta Beer Azoka "etorkizun handiko" azoka izan daitekeela erakutsi du izandako arrakastak, Alberdiren berbetan; "eta garagardoak gero eta ikusmen handiagoa sortzen duela ". Urtero garagardoak aldatzen joango direla gaineratu dute, "jendeak denetik ezagutu deza". Aurten, Baobeer, Saltus eta Sesma Brewing Co izango dira azoka dastatu ahal izango diren garagardo berriak.