Gurutze Frades iurretarra gogotsu eta sasoi betean Konako munduko triatloi txapelketaren atarian

Maialen Zuazubiskar 2018ko urr. 12a, 16:50

Gurutze Fradesek munduko triatloi txapelketa lehiatuko du zapatuan Konan, Ironman distantzian. 18:40an —Euskal Herriko ordua— hasiko da proba. Iurretarra hirugarrenez izango da Hawaiin.

Lehenengoz, 2016an parte hartu zuen munduko Ironman txapelketan, eta 33. postuan helmugaratu zen.  Iaz, 22. sailkatu zen.

Aurtengo txapelketa prestatzeko, Frades urri hasieratik dago Konan, entrenatzen eta hango girora egiten. Horren aurretik, Sierra Nevadan izan zen, entrenamendu "saio gogor bat" egiten.

Gurutze Fradesek jakitera eman duenez, sasoi betean heldu da aurtengo hitzordura. "Aurtengo munduko txapelketa oso ondo prestatu dut eta fisikoki oso ondo nagoela uste dut", adierazi du Konatik tria-tleta iurretarrak.  Hori horrela, proba egiteko desiratzen dagoela esan du.

Bestalde, bere kirol ibilbidean eboluzionatzen jarraitzen duela eta bilakaera horretan aurtengoa urte garrantzitsua izan dela dio.

Zita garrantzitsua
Konakoa urteko hitzordurik garrantzitsuenetarikoa da eskualdeko triatletarentzat, eta, dioenez, berarentzat nahikoa litzateke "lasterketa on bat" egitea eta bere buruagaz "pozik geratzea". Horregaz konforme legokeela dio. "Nire helburua ez da postu konkretu bat lortzea, lasterketa on bat egitea baizik. Hala ere, badakit proba ona eginda postu ona lortuko dudala ziurrenik", amaitu du Fradesek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!