Azken urteetan herriko kale eta hormak itxuraldatu egiten dituzte Iurretako San Migel jaietan. Herriko hormak txukuntzeko asmoz, Iurretako Udalak grafiti tailerra jarri zuen martxan orain bost urte, eta ekimenak jaietan izan zuen "arrakasta" ikusita, ekimenari jarraipena ematea erabaki zutela adierazi dute Iurretako Udaleko kideek.
Irantzu Lekue durangarrak dinamizatuko du tailerra. Urriaren 5ean izango da eta 17:00etan hasiko da. Dantzari kalean egingo den ekintzaren gaia Emakumea historian zehar izango da.
Grafiti tailerra ume, gazte zein helduentzako ekintza bat dela jakitera eman dute udaleko kideek, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Azaldu dutenez, behin tailerra bukatuta, grafiti erakusketa ere egongo da.