Iurretako jaiak

Koban, Moonshinners eta Kaotiko igoko dira Iurretako oholtzara

Aritz Maldonado 2018ko urr. 4a, 09:00

Koban, Kaotiko eta Moonshiners taldeak urriaren 5ean Iurretan izango dira.

Joan den mende hasierako elegantziagaz eta egungo erritmoen arteko nahasketagaz musikaren munduan bere tokia egiten ari da elektroswinga. Berriagoak dira doinu hauek gurean, baina Koban taldekoak badabiltza handik eta hemendik gerriak dantzan jartzen. Udako agenda kontzertuz lepo eduki eta gero, gipuzkoarrak Iurretan arituko dira San Migeletan euren proposamen dantzagarria zuzenean defendatzen.

2016 inguruan jaio zen taldea, Donostian Kortxoeneatik Tabakalerarako trantsizio garaian. Hainbat kideren joan-etorriaren ostean, taldea egonkortu eta Koban lana kaleratu du udaberrian. Hamaika kantutan zehar, trikitiaren eta instrumentu elektronikoen bidez, elektroswingaren lurraldean bidaiatzea proposatzen du lanak. Dantzarako giroa sortu bai, baina mezu politikoa ere zabaltzen dute. Kobaneko kideek eurena egiten dute Emma Goldman feminista anarkistaren "Dantzatu ezin bada, ez da gure iraultza" leloa.

Denetariko eskaintza
Ohikoagoak diren doinuek ere edukiko dute lekua plazako oholtzan. Horrela, Kobanek Kaotikogaz eta Moonshinersegaz batera partekatuko du taula gaina urriaren 5eko gauean. Urriaren 6an, berriz, Luhartzek alaituko du plazako giroa eta urriaren 7an Arantzak eta Pantxok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!