Hirigintza plan orokorrean herritarren ekarpenak batzeko parte hartze prosezua hasiko da urrian

Aitziber Basauri 2018ko ira. 27a, 10:34

Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) parte hartze plana onartu du Iurretako Udalak. Lehenengo fase batean herriaren egungo egoeraren diagnosia egingo dute, argazki orokor bat atera, eta horretarako herritarren ekarpenak jaso gura dituzte udal ordezkariek. Urriaren 2an izango da lehenengo hitzaldia, Ibarretxe kultur etxean 19:00etan. HAPO zer den, zertarako egiten den eta norentzako azalduko dute bertan.

Urriaren 18an izango da hurrengo hitzordua. Karpa bat jarriko dute Dantzari eta Askondo bitartean, 18:00etatik 20:00etara, eta hirigintza plan orokorrari buruzko argibideak emango zaizkie hurbilduko diren herritarrei. 

Azaroan, berriz, herritarrek ekarpenak jasotzeko jarduerak egongo dira. Azaroaren 8an, hirigintza, ingurumena eta espazio publikoak hartuko dituzte hizpide, besteak beste. Hitzaldia 18:30ean izango da, kultur etxean.  Ordu eta leku berean izango da hurrengo ekitaldia. azaroaren 15ean. Bertan emakumeekin elkarlanean segurtasuna landuko dute. 

Azken saioa azaroaren 20an egingo dute. Diagnosiaren ostean gaur egungo egoera zein den aztertuko dute. Kultur etxean izango da hori ere, baina, 19:00etan hasiko da.

Ahobatez onartu dute HAPOren parte hartze plana udalbatzarrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!