Herritarren artean arrakasta duen eguna da eta "urterik urtera gero eta jende gehiago animatzen da mozorrotzera", adierazi du Miren Abasolo jai batzordeko kideak. Horregatik, mozorrodunak animatzen badira, eguerdian kalejira bat egingo dute. Ondoren, herri bazkarian batuko dira. 14:30ean izango da, Askondoko estalpean. Izen-ematea urriaren 3ra bitartean egin daiteke, Ibaiondo eta Gauargi tabernetan.
Luhartzen erromeria eta bertsolariak
Egunean zehar askotariko ekimenak egongo dira. Esaterako, bazkalostea Aldats Elektrotxarangak alaituko du. 20:00etan munduko aulki-joko txapelketa hasiko da, Iurretako Sarek antolatuta. Iluntzetik aurrerako menua ez da nolanahikoa izango. Luhartzen erromeria egongo da lehenengo, eta bertso saioa ostean, Amets Arzalus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Miren Amuriza, Jon Maia eta Aitor Bizkarra bertsolariekin. Ekimena 22:00etan hasiko da, Olaburu pilotalekuan. Sarrera doakoa da eta Unai Iturriaga arituko da gai-jartzaile.